Eneko Goia eta Eider Mendoza batzartu dira goizean

Eneko Goiak eta Eider Mendozak bilera instituzionala egin dute gaur goizean, uztailak 19, “partekatutako gaiak eta proiektuak lantzeko”. Besteak beste, honako gaiak landu dituzte: Eskusaitzetako industrialdearen garapena, Miramongo parke teknologikoaren handitzea eta Anoetako kirol instalazioak berritzeko lan koordinatua egitea.
Mugikortasunari buruz ere aritu dira: GI-20 saihesbidearen eguneraketa, Marrutxipiko lotunea amaitzea edota Donostiako bidegorri sarea Txillida Lekurekin lotzea izan dute hizketagai. Hain justu, eraiki asmo duten bidegorri horren gaineko kezka adierazi zuen hilabete hasieran Eguzki talde ekologistak, aurreikusitako bidegorria estuagoa baita Gipuzkoako Bizikleta Bideen Planean eta Gipuzkoako Bizikleta Bideen Eskuliburuan zehazten dena baino —3 metrokoa aurreikusten da, eta laukoa behar luke—. Horren ondorioz “saihestezinak” izango dira txirrindularien eta oinezkoen arteko gatazkak, erakunde ekologistaren arabera.