Hestia udal zerbitzua Ondarretako Uraren Etxera lekualdatuko da abuztuan

Udalak jakinarazi duenez, baztertuta dauden pertsonentzako eguneko arretarako Hestia zerbitzua Ondarretako Uraren Etxera (Ondarreta pasealekua, 20) lekualdatuko da abuztuan, behin-behinean. Orain arte San Bartolome kaleko 27. zenbakian dagoen lokal batean eskaini da zerbitzua, baina lokalaren jabeak alokairu kontratua ez berritzea erabaki du. Hori dela eta, Donostiako Udalak eta egun udal zerbitzua kudeatzen duen Arrats elkarteak zerbitzua eskaini ahal izateko lokal berri bat bilatu behar izan dute.
Ondarretako Uraren Etxea Añarbeko Uren Mankomunitatearen jabetzakoa da. Lokal berriak 543 m2 ditu eta hilean 907 euroko errenta ordaintzea adostu dute. Orain arte enpresa esleipendunak, Arrats elkarteak, hartzen zituen bere gain alokairuaren, lokala mantentzearen eta zenbait horniduren gastuak, baina orain udalak hartuko du ardura hori. Kontrara, Hestia zerbitzuak lanordu gehiago kontratatzeko 31.000 euro izango ditu urtean.
Uraren Etxea izango da, beraz, Hestia udal zerbitzuaren lokal berria, harik eta Jai Alai kaleko 17. zenbakian dagoen Villa Saliako obrak eta egokitzapenak amaitu arte, bertan aurreikusten baita udal zerbitzu honen behin betiko egoitza. Obra horiek 2024ko irailaren 30a baino lehen bukatu behar dute.