Anoetako tren geltoki berriaren obrak datorren astean hasiko dituzte

Euskal Trenbide Sareak Anoetako topo geltoki osoa eraberritzeko lanak hasiko ditu datorren astean, eta 30 hilabeteko epea izango dute. Aita Donostia biribilguneko trafikoak aldaketak izango ditu, obren helburua Anoeta estadioko lurzorua handitzea baita. Hortaz, errepidearen zirkulazioari lekua kenduko zaio. Anoetaren urbanizazio lanak dagoeneko hasi dituzte, eta Belodromoa eta Atano III frontoiaren arteko pasabidea eraberritzen ari dira.
Euskal Trenbideen Sareak aipatu duenez, gaur egungo geltokiko ataria 1990eko hamarkadaren hasieran eraiki zen, estadioarekin batera. Gaur egungo geltokia ez da nahikoa ekitaldi handiak dauden egunetan, batez ere, erabiltzaile kopuru handia kontuan hartuta. Hori dela eta, igogailuak izango dituen sarbide berri bat eraikiko da Hendaiarako aldean, egungo ataria osorik berrituko da, eta instalazioak eguneratuko dira. Argiztapenak ere berritasunak izango ditu, teknologia eraginkorragoetara egokituko baita, eta nasetako estaldurak eta altzariak berrituko dira, baita geltokiaren kanpoko ingurunea ere.
Geltoki berriaren estaltze lanak eta instalazio elektrikoa gauez egingo dituzte, trenbideen zirkulazioa ez eteteko. Errepideen zirkulazioari dagokionez, Anoetan sortu daitezkeen pilaketak murrizteko, zirkulazioa Urumeako saihesbidetik desbideratuko dute. 17. eta 28. lineen geltokia lekuz aldatuko da, Ospitaleak eta Miramongo igoerako zirkulazioa ez oztopatzeko.
Lanak amaitu eta sarbide berria martxan jarri ondoren, obrak Anoetako geltokirako sarrera zaharrera lekualdatuko dira, eta gaur egungo geltokia eraitsi egingo da. Horren ordez, atari berriaren antzeko egitura bat instalatuko da, inguruari koherentzia arkitektonikoa emateko. Geltokiaz gain, lurzoru berria eta bidegorria ere eraberrituko dute.