Aste Nagusiko su artifizialen lehiaketa aurkeztu dute

Aste Nagusiko su artifizialen 58. nazioarteko lehiaketa aurkeztu dute gaur. “Donostiako gaua pizten den lekutik” egiten dute, Jon Insausti Kultur zinegotziaren hitzetan; hau da, Alderdi Ederreko xakeko mahaien gunetik. Abuztuaren 12tik 19ra izango da, eta 22:45ean hasiko dira. Zinegotziaren arabera, interes handienetakoa pizten duen jarduera dira su artifizialak, “egunero 100.00 pertsonak ikusten dituzte”, esan du.
Aurten, honako piroteknia etxeak lehiatuko dira: Fully Fused Fireworks (Erresuma Batua), Pirotecnia Zaragozana (Espainia), Caffero Event Fireworks (Herbehereak), Pirotecnia Tamarit (Herrialde Katalanak), Pirotecnia Xaraiva (Galizia), Pirotecnia Valenciana (Herrialde Katalanak) eta Scarsella Fireworks (Italia). Ohi bezala, azken egunean musika eta su artifizialak uztartzen dituen ikuskizuna egongo da, Pirotecnia Vulcanoren (Espainia) eskutik.
Zezensuzkoa, txarangak lagunduta
Udalaren egitarauan, zezensuzkoak hartzen die lekukoa su artifizialei, eta aurten berritasun bat gehitu dute: abuztuaren 19an, Joselontxos txarangak Iriyarena joko du udaletxeko terrazan zezensuzkoak ibilbidea egin bitartean. Abesti hori Serafin Barojak idatzi zuen 1881.urtean, eta zezensuzkoaren soinu bandatzat hartzen da. Abestiaren letra eta melodia aski ezagunak dira, eta hemen topa daitezke.