Donostian Etxebizitza Legea aplikatzen hasteko eskatu dio EH Bilduk udalari

EH Bildu udal gobernuari zuzendu zaio gaur goizean egindako prentsa agerraldian, eta Etxebizitza Legea aplikatzen hasteko tramiteekin has dadila eskatu dio. Juan Karlos Izagirre EH Bilduko bozeramailearentzat, “arduragabekeria” da legea lehenbailehen aplikatzeko ahaleginik ez egitea, eta EAJren aldetik jasotako erantzunek “kezka areagotu” diote: “Ez dirudi ezer egiteko asmorik dagoenik”.
Izagirrek deitoratu du EAJk lege hori “akatsa” dela adierazi izana. “Kritikatu egiten du eta txarra dela dio, donostiarrentzat kaltegarria izango dela”, esan du bozeramaileak. Horrek EAJrentzat Donostian etxebizitzari buruzko arazorik ez dagoela pentsaraztera eramaten du Izagirre, edo ez diola arazoari irtenbiderik eman nahi: “Ez dago ez ausardiarik, ez iniziatibarik eta ez interesik etxebizitzaren arazoari aurre egiteko”. Ildo beretik, La Cumbre aipatu du EH Bilduko bozeramaileak, aste honetan bertan Goiaren “utzikeria” salatu baitu Izagirrek berak.
Mozioa udalbatzarrera
Beraz, hurrengo asteko udalbatzarrera mozio bat aurkeztuko duela iragarri du EH Bilduk. “Udal gobernu honen ekimen faltaren aurrean, EH Bilduk iniziatiba eta lidergoa hartu ditu premiazko erantzunak emateko”, esan du Izagirrek. Mozioa onartuz gero, Donostiak tentsio handiko eremu izendatzeko baldintzak betetzen dituela justifikatzen duten txostenak egiten hastea ahalbidetuko da.
Izagirrek gogoratu du gaur egun dagoen udalbatzarrean Etxebizitzaren Legearen aldeko gehiengoa dagoela, eta gehiengo horrek “mozioa babestea” espero du: “Legea defendatzen dugunok, PSE-EEk, Elkarrekin Donostiak eta EH Bilduk, bat egin beharko genuke”.