Lanuzteak egingo dituzte arratsaldean Euskotrenen

Euskotrenen gehiengo sindikalak (ELA, Independenteak, ESK eta CGT) lanuzteak deitu ditu gaurko, langile gehiago kontrata ditzatela eskatzeko eta “planifikazio eza” salatzeko. Goizean egin dute lehen lanuztea, 07:00etatik 09:00etara, eta arratsaldean egingo dute bigarrena, 18:00etatik 20:00etara.
EAEn Euskotrenek eskaintzen dituen zerbitzu guztietan izango dute eragina lanuzteek: trenean, tranbian, autobusean eta funikularrean. Aurreikusi dutenez, 50.000 erabiltzaileri baino gehiagori eragingo diete geldialdi horiek.
Planifikazio ezak eta langile faltak egunero zerbitzuen %25 inguru kaltetzen dituela salatu dute sindikatuek. Besteak beste, zerbitzuak bete gabe geratzen direla, ibilbidean erabiltzaileek beharrezko arreta ez dutela jasotzen eta ordutegietan gorabeherak izaten direla esan dute. Horrez gain, langileen atseden orduak ere ez direla errespetatzen adierazi dute.