Loiola gainetik pasatzen den GI-20 errepidearen zubibidea birgaituko dute

Datozen asteetan egonkortze eta segurtasun lanei helduko die Gipuzkoako Foru Aldundiak GI-20 errepidean, Loiolan, Urumea ibaiaren gainetik igarotzen diren bi galtzadetan. Aldundiak jakinarazi duenez, abuztuaren 1ean hasiko dituzte lan horiek, “erabilerak berak eta urteek berez sortutako higadurak eragindako kalteak konpontzeko”. Exekuzio epea sei hilabetekoa izango da.
Maria Ubarretxena Bide Azpiegituretako diputatuak eman ditu lanen inguruko xehetasunak, eta azaldu duenez, biaduktu osoa zaharberrituko dute. “Lanak egin ahal izateko, ez da beharrezkoa izango ibilgailu arinen zirkulazioa etetea. Bai, ordea, 3,5 tonatik goragoko trafiko astunarentzat, garraio publikoa barne”, nabarmendu du Ubarretxenak.
Obrari berari dagokionez, metalezko euste egiturez baliatuz, zubibidearen ibai gaineko tartea eskoratuko da, bi galtzadetan, puntu ahulenak segurtatzeko. Guztira GI-20aren tarte honetako 111 metrori eragingo dio interbentzioak. Eskoratze hori ibaiaren ibilguan metalezko lau zutabe egitura kokatuz egingo da eta Ur Kirolaken eraikinaren atzean beste bi egitura jarriko dira, lehorrean. Ibilguaren gainean lur betetze lanak eginez, lau egiturak babestuko dituzten penintsulak egingo dira, eta horien gainean euste egitura bakoitza bosna eskora dorrek osatuko dute. Bi egiturak Bilboko noranzkoko galtzadari eutsiko diote eta gainerako biek, Irungo noranzkokoari. Egitura bakoitzak, gutxi gorabehera, 3×20 metro zabalerako oinarriak izango ditu eta altuera aldetik, eskora dorreek 7 metrotik 15 metrora arteko gehienezko altuerak izango dituzte ibaiaren gainean.
Beste bi euste egiturak lehorrean egingo dira, lurzoruan. Ur Kirolaken eraikinaren eta honen atzeko biribilgunearen artean galtzada bati eusteko egitura bat kokatuko da eta bigarren bat, beste galtzadarako. Kasu honetan, neurri txikiagoko eskora dorreak jarriko dira, 36 guztira, 5 metroko gehienezko altuerarekin.
Afekzioak Loiolan
Mugikortasunari dagokionez, Loiolan bertan lanak egin ahal izateko, obraren inguruan dauden oinezkoentzako pasabideetan eta bidegorrian mozketak egingo dira eta bi puntutan etengo da bidea. Hala, Ur Kirolaken eraikinaren eta ibaiaren artean igarotzen diren bidegorria eta oinezkoen bidea sei hilabetez etengo dira. Aldiz, eraikinaren beste aldean, biribiligunean, espaloia kendu egingo da, eskora dorreek hartuko baitute eremu hori.
GI-20aren puntu horretatik pasatzen den garraio publikoari ezarriko zaion debekuari dagokionez, Lurraldebusen ekialdeko ibilbideetan egongo dira aldaketak, zehazki, Antiguara doan linean, Loiolako Erribera, Amara eta ospitaleen lineetan eta Donostia erdialdera doazen ibilbideetan.