10.000 lagun pasa dira 'That Time' erakusketatik hilabetean
That Time, Tabakalerak eta Arte Ederren Bilboko Museoak elkarlanean antolatutako lehen erakusketak, harrera bikaina izan du joan den ekainaren 23an ateak ireki zituenetik, Tabakaleraren arabera. Hilabete baino gutxiagoan, 10.583 bisitari, hain zuzen.
Bilboko museoaren bilduma da erakusketaren jatorria, eta orain Tabakaleran dago ikusgai arteari eta memoriari buruzko kontakizun bat proposatzeko. Izenburua Samuel Becketten That Time (Aquella vez, 1976) antzezlanetik dator. Bertan, poeta eta antzerkigile irlandarrak protagonistaren bizitzako hiru une desberdinetara (gaztaroa, heldutasuna eta zahartzaroa) igortzen duten hiru giza ahots tartekatzen ditu.
80 artistaren 107 lan biltzen ditu erakusketa erraldoiak: Francis Bacon, Fernand Léger, El Greco, Zurbarán, Vicente Ameztoy, Idoia Montón, Nemesio Mogrobejo, Elena Asins, Remigio Mendiburu eta Miren Arenzanaren lanak daude ikusgai, besteak beste.
Bisita “flash” komentatuak eta jarduera-programa
Erakusketa jendeari hurbiltzeko asmoz, Tabakalerak “flash” bisitak antolatu ditu. Asteartetik igandera, hamar minutuko doako aurkezpen laburrak eskainiko dira mostraren testuinguru orokorra ezagutzeko. Bisitak euskaraz egingo dira 12:30ean eta 18:00etan, eta gaztelaniaz 12:45ean eta 18:15ean. Parte hartzeko ez da beharrezkoa izango izena ematea. Horiekin batera, hamabost egunez behingo ohiko bisita solasaldiak egingo dira, baita familientzako arte lantegiak ere.
Abuztuan, Donostiako Musika Hamabostaldiarekin lankidetzan, Blanca Arrieta koreografoaren dantza emanaldi hirukoitza izango da erakusketa aretoan. Erakusketa honetarako ad hoc sortu zen, artistak Tabakaleran egin duen egonaldi batean. Hiru dantza emanaldiak abuztuaren 19, 20 eta 22an izango dira, 20: 30ean.