Bost eguneko egitarau zabala antolatu dute Amarako jaietan
Ohiko jarduerek eta bertan sortzen den giro herrikoiak egiten ditu auzoko jaiak berezi. Haurrak ere festen parte izan daitezen, beraientzako egun indartsua antolatu dute San Inazio egunean.
Astebete besterik ez da falta Amarako festetarako, eta auzotarrak dagoeneko azken orduko prestaketetan dabiltza, gogotsu daude. Datorren ostegunean jai giroa lehertuko da Amarako Easo plazan, eta bost eguneko egitarau zabala antolatu dute. Betiko esentzia eta ekintzak mantendu nahi izan dituzte, baina, hala ere, aurretiazko lan handia egin behar izan dute.
Auzoko jai batzordea kopuruz txikia den arren, Aste Santutik bueltan hasi ziren lanean, eta azken egun hauetan oso pozik daude egindako lanarengatik. “Denbora aldetik, iaz baino gehiago izan dugu”, azaldu du Itziar Gomez-Cruzadok, jai batzordeko kideak. Auzotarrek, aldiz, “dena azken momentura arte” utzi dutela esan du, baina azken egun hauetan edozertan laguntzekoprestasuna erakutsi dutela.
Hurrengo urteari begira, argi utzi nahi dute auzotarren laguntza aurretiazkoa izan behar dela, dena azken momentura arte ez uzteko. Jai batzordearen helburua jarduerak ahalik eta lasterren lotuta uztea da. Kontzertuak dira lotzen saiatzen diren lehen gauza.
Horiei dagokionez, lehentasuna ematen diete inguruko taldeei. “Saiatzen gara Donostiako jendeari idazten”, esan du Iñigo Jauregi jai batzordeko kideak. Horrez gain, diru kopurua ere aintzat hartzen dute. “Saiatzen gara aurrekontutik asko ez aldentzen”, gehitu du Gomez-Cruzadok. Bide batez, aipatu dute auzoko jendeak emailera idatzi diela kontzertuak eskaintzeko prest zeudela esateko, baina azken momentuan ibili direla. Hortaz, hurrengo urteei begira, lehenago idazteko deia egin dute.
Azken momentuko gauzak beti daudela nabarmendu dute, eta ondorioz, urditasunak “gora” egiten duela. Azken ordukoak ekiditeko ahalik eta lasterren dena itxita utzi nahi dute, baina arazoak kanpokoak direla diote. Adibidez, zirkulazio mozketak direla eta, udalarekin arazoak izan dituzte. Iaz, jai batzordekoak arduratu behar izan ziren zirkulazioa mozteaz auzoko danborrada kaleetan zehar ibiltzeko.
Aurten, Jauregik azaldu duenez, ez dute uste trafikoa mozteko laguntzarik jasoko dutenik, ez baitago polizia nahikoa hiriko trafikoa mozteko. Hori dela eta, lasterketan zein danborradan, haiek arduratu beharko dira kaleetako zirkulazioa mozteaz.
Aurreikusita zuten aurrekontua kontuan izanda, arazo gehiago izango zituztela uste zuten. Azkenean, bost eguneko jaiak antolatzea “uste baino errazagoa” izan dela diote. Hori dela eta, aukera gehiago izan dituzte jarduera guztiak prestatzeko eta egun osoko egitaraua betetzeko. Lehen aipatu bezala, auzoaren “esentzia” ez galtzeko, urteroko jarduerak mantendu nahi izan dituzte, eta berritasun gutxi dituzte aurtengoei begira.
Ohiko jarduerek ez dute hutsik egingo
Gehienbat indartu nahi izan dutena haurren eguna da. Haurrak animatzeko, antzerkiaz eta erraldoi eta buruhandiez gain, apar festa eta jolasez beteriko diskofesta bat egingo dituzte San Inazio egunean, hilaren 31n. “Bereziki kostatzen zaigu haurrei begirako eskaintza antolatzea, eta jarduera parte hartzaileagoak antolatu nahi ditugu”, adierazi du Gomez-Cruzadok. Gurasoen inplikazioa lortzea kostatzen zaie, eta aurtengo egitarauarekin aurreko urteetan izan duten “hutsune” hori betetzea nahi dute.
“Jaiak herritik herriarentzat” diren heinean, bakoitzaren inplikazioa beharrezkoa dela esan dute. Hain zuzen, auzoko jendeak hartzen duelako parte. “Oso arraroa da turista bat topatzea. Izan ere, nahiz eta erdialdean egon, jai herrikoien giroa sumatzen da egun hauetan zehar”, nabarmendu du Jauregik.
Giroa alaia eta gaztea izan arren, auzoko erretiratuez gogoratu dira, eta haiek ere festetan murgiltzeko saiakera egin dute. Azken urteetan egin ez duten arren, asmoa da aurtengo lehenengo saiakera beste urteei begira mantentzea, eta urtetik urtera eskaintza zabaltzea. Honekin, aipatu beharra dago txupinazoa Gure Bizitza jubilatuen elkartekoek botako dutela; “beraiek ere auzoko jaien parte baitira”.
Amarako jaietan ohikoa den giza kroketa txapelketa egiten jarraituko dute, eta larunbat gauean izango da. “Lehenengo aldiz ikusten dutenek, “zoroak” gaudela uste dute. Parte hartzaile gehienak auzokoak dira, eta badakite proba nolakoa izaten den”, esan du Jauregik. Aurtengo berritasuna, soka salto txapelketa izango da. “Kontzertuen atsedenaldien artean sartuko dugu, aldatzeagatik. Hiru gauetan, zeozer egiten dugu”, aipatu du Jauregik. Ostiralean soka saltoa, larunbatean kroketa txapelketa, eta igandean, jolasak antolatuko dituzte. Gauean animoak ez galtzeko eta festan jarraitzeko gogoak mantentzeko helburuarekin antolatuko dituzte.
Lantalde feminista martxan
Erasoak ekiditeko eta jai herrikoi askeak eta gozagarriak izateko, erasoen aurkako protokoloa prestatu dute. “Aurten protokoloa sozializatu nahi dugu erasorik ez gertatzeko, eta telefono zenbaki bat martxan jarriko dugu erasoak salatzeko”, azaldu du Gomez-Cruzadok. “Erreferentziazko jendea” arduratuko da, eta puntu morea izan ez arren, lantalde feministako kideak jai gunean ibiliko dira, besoan zapi more bat jantzita.
Horrez gain, argi azaldu du, auzoan bereziki gertatzen diren erasoak hitzezkoak edo jarrera kontuak izaten direla.
Eraso bat ikusiz edo pairatuz gero, lantaldeak protokoloa martxan jarriko du, edo bestela, txosnara hurbildu eta bertan lanean dabilenari abisatu beharko zaio protokoloa martxan jartzeko. Erasotuaren arreta gunea topoko sarrera izango da, eta erasoak ekiditeko telefono zenbaki bat martxan jarriko dute: 664-86 13 86, eguneko 24 ordutan martxan egongo dena.
Lantalde feminista berria eta gaztea izanik, oso argi dute erasoren bat ikusiz gero, erasotua izan den pertsonak behar duen laguntza izango duela, eta egoerak txarrera egiten badu erasotzailea jai gunetik kanporatua izango dela.
Protokoloaren inguruko azalpen zehatzagoak emateko hurrengo asteazkenean, hilaren 26an, bilera ireki bat antolatuko dute auzotar guztientzat. “Saio honen bidez denok ardura izatea nahi dugu, eta ez soilik zapi morea dutenek, ezinbestekoa baita egoera honi buelta emateko, eta jaien gunea seguruagoa izateko”.