Gazteen arteko 'desafiyua' berreskuratuko dute Zubietako Santio jaietan
Igandean hasiko dira festak, bigarren aldiz antolatu duten pilota jaialdiarekin. Hilabeteetako antolakuntza lanaren ostean, gogotsu daude antolatzaileak herrian sortzen den festa giroaz gozatzeko.
Zubietako santioak igandean, uztailaren 23an, hasiko dira eta uztailaren 31 izango da jaietako azken eguna. Xabier Erauntzetamurgil jai batzordeko kideak azaldu duenez, “oso ondo” moldatu dira jaiak antolatzeko garaian: “Sekulako harremana dago Zubietako jai batzordeko kideen artean eta horrek asko errazten ditu gauzak, lana eta eginbeharrak atseginago egiten laguntzen baitu”.
Otsailean hasi ziren festak antolatzen, eta gaur arte “oso erritmo onean” aritu direla lanean jakinarazi du Erauntzetamurgilek. Egitarau zabala prestatu dute, haurrentzat, gazteentzat nahiz helduentzat; izan ere, ia egun bakoitza norbaiti eskainia dago: uztailaren 25a Santio eguna izango da, hilaren 26a oilasko biltzaile eguna, hilaren 28a umeen eguna, hilaren 29a erretiratuen eguna, 30a gaupasa eguna, eta, azkenik, San Inazio eguna ospatuko dute hilaren 31n.
Zubietako jaietako bereziena herriko haurren, gazteen eta helduen artean sortzen den giroa dela nabarmendu du jai batzordeko kideak. Horretaz gain, kontzertuak, herri afariak eta oilasko biltzaileak ere nabarmendu ditu, egun horietan hartzen duten indarragatik.
Pilota jaialdia, bigarrenez
Egitarauari hasiera emateko, esku pilota jaialdia antolatu dute igandean. Aurtengoa Santio jaietako pilota jaialdia antolatzen duten bigarren aldia izango da, iaz animatu baitziren lehen aldiz ekitaldi hori antolatzera.
Jaialdia 18:00etan hasiko da, eta Larrarte eta Erasun bikotea Mendizabal eta Arrillagaren aurka arituko dira. Ondoren bigarren partida batez gozatzeko aukera izango da, eta Urmeneta eta Aranguren bikoteak Goñi II.a eta Artetxe izango ditu aurkari.
Berritasunak ere badituzte aurtengo egitarauan, izan ere, garai batean egiten zen gazteen arteko desafiyua berreskuratuko dute jaietan. “Herriko gazteen parte hartzea eta kohesioa sustatu nahi dugu”, nabarmendu du Erauntzetamurgilek.
Gainontzekoan, ohiko egitaraua izango da. Astelehenean emango zaie jaiei hasiera ofiziala txupinazoarekin, 18:00etan, eta txosnak irekiko dituzte jarraian. Afaldu aurretik, bingo saioa egingo dute, eta herri afaria eskainiko du segidan Zubietako pilota elkarteak. Ondoren, Laiotz taldearen esku geratuko da gaua girotzea.
Santio egunean, herri kirolen erakustaldia izango da Zubietan, besteak beste. Harriak jasotzen Lur Errekondo eta Hodei Izeta arituko dira, eta pentatloia, aldiz, Andoni Izetak eta Jakes Izetak egingo dute. Horren ostean, bertso saioa eskainiko dute Andoni Egañak, Oihana Iguaranek, Iker Zubeldiak eta Iñigo Manzisidor Mantxik.
Umeen egunean, jolasak izango dira nagusi Zubietan. 10:00etan hasiko dira, eta umeen bazkarian atsedenaldia egin ostean, 16:00etan emango zaie jarraipena jolasei.
Hurrengo egunean jubilatuak izango dira protagonistak, eta sagardo dastaketarekin emango diote hasiera beraien egun handiari. Eguerdian, bazkaria egingo dute Joko Garbi elkartean, eta 19:00etan, sardina eta piper jatea programatu dituzte.
Kontzertuei dagokienez, gaupasa egunean, hilaren 30ean, hiru emanaldi prestatu dituzte. Gaueko 12:00etatik aurrera, oholtzara igoko dira Asgarth eta Gozategi taldeak, eta Fantasia DJ-a.
Jaiei amaiera emateko, kirola izango da nagusi San Inazio egunean. 11:30ean, Zubietarren arteko errebote partida jokatuko dute, eta arratsaldean herri kirolen txanda izango da berriro. Iparraldeko jokoetan arituko dira Tubi eta Jon Loiola, eta Mikel Urrak jasoko ditu harriak.
Herri kirolen ostean, bingoa egingo dute, eta 23:00etan bukatuko dira festak, suziriekin.
Jai batzordearen oharrak
Egitarauaren inguruko zehaztasunez gain, hainbat ohar helarazi ditu jai batzordeak. Lehenik eta behin, nabarmendu dute festetan gerta litezkeen ezbeharren aurrean, Zubietako jai batzordeak ez duela erantzukizunik izango.
Bestalde, jai giroa bizirik mantentzeko, jakinarazi dute egunero izango dela musika txosnetan, “egun eta gau”. Beraz, kontzerturik edo bestelako musika emanaldirik ez dagoen uneetan ere gorputza astintzeko aukera izango dute herritarrek.
Eta, azkenik, jai batzordeak argi eta garbi utzi du jaietan ez dutela onartuko inolako eraso sexistarik, homofoborik edo arrazistarik. Aipatutako oharrak helarazita, festazaleei jaietan parte hartzeko gonbidapena luzatu diete antolatzaileek.