Hasiera emango zaio gaur 58. Jazzaldiari
90 kontzertu eskainiko dira hiriko hamasei agertokitan, gaurtik asteartera bitarte. Horietatik 60 doakoak izango dira, 25 ordainpekoak, eta hainbat kontzertutarako sarrerak saldu dituzte dagoeneko.
Egitaraua proposamen ugariz beteta dago, eta jazz musika entzuteko aukera egongo da Donostian, gaurtik asteartera bitarte. 58. Jazzaldian, ibilbide luzeko artistez gain, etorkizuneko artista gazteak ere oholtza gainera igoko dira egun hauetan zehar.
90 kontzertu eskainiko dituzte hiriko hamasei agertokitan. Doako kontzertuen artean garrantzitsuenak, Zurriola hondartzako Keler gunean izango dira. Gaur, Village People eta Fred Wesley & The New J.B.’s ariko dira, 20:45ean eta 23:30ean, hurrenez hurren. Bihar, Blue Lab Beats eta Viva Suecia taldeen txanda izango da. Igandean, Arde Bogotá eta Tiken Jah Fakoly taldeek joko dute, eta astelehenean, agertoki honetan azkenak jotzen Ezra Collective eta Zetak taldeak izango dira. Hiru egun hauetan, kontzertuak 21:00etan eta 23:30ean izango dira.
Jazzaldiko kontzertuetatik 60 doakoak izango dira, eta aipatutako Keler guneaz gain, Frigo gunean, Fnac gunean, Garberan eta Nauticoolen izango dira. Ordainpeko kontzertuak aldiz, Trinitate plazan, Viktoria Eugenia antzokian, Kursaal auditorian, San Telmo museoan eta Club aretoan izango dira. Kontzertu hauetarako sarrerak eta abonamenduak Jazzaldiaren webgunean erosi daitezke.
Donostiako Jazzaldia sarien irabazleak
Abdullah Ibrahim, Enrico Rava eta Yoshuke Yamashita izango dira aurtengo sarituak, jazzean egina duten ibilbidea goraipatzeko. Hirurak ibilbide luzeko eta nazioartean maila handiko artistak dira.
Abdullah Ibrahimek urte asko daramatza kontzertuak eskaintzen. Hegoafrikarra “egungo jazzaren historia bizia da”, Jazzaldiaren arabera. Nubya Garciarekin batera, kontzertu bakarra eskainiko du Donostian. Kontzertua Trinitate plazan izango da igandean, 21:00etan. Enrico Rava tronpetista eta konpositore italiarra munduan zehar ibilia da eta Italiako jazz musikari ezagunena bilakatu da. Italiarrak astelehen gauean joko du Trinitate plazan, 21:00etan, David Helbock’s Austrian Syndicate taldearekin batera. Saridunen artean azkena, Yosuke Yamashita jazz piano jotzaile japoniarra da, eta adituek diotenez, munduko pianista onenetarikoa da. Bi kontzertu eskainiko ditu gaur eta bihar, Viktoria Eugenia antzokian, 12:30ean.