«Oraindik pauso asko falta dira emateko»
Aurten sortutako Goenaga Yogurrak taldea hiru talderen elkarlanaren bitartez sortu da: Donostialdea Bizikletan talde donostiarra, Otxe Oarsoaldea eta Irunes. Bost txirrindularik osatzen dute taldea: Irati Mitxelena, Elena Cuenca, Naiara Espinosa eta Noa Rodriguez kadete mailan eta Daria Mischenko gazte mailan. Zuzendaria, berriz, Ane Herran donostiarra da. Herranekin eta Cuenca irundarrarekin hitz egin dugu.

Zer moduzkoa ari da izaten taldearen lehenengo urte hau?
Elena Cuenca (E.C.): Hasieran, erokeria baten moduan ikusten nuen, baina gero forma hartzen joan gara, eta oso gustura nago. Lehendik ezagutzen nituen taldekideak, eta gustura gabiltza elkarrekin, ez dugu inolako arazorik izan.
Ane Herran (A.H.): Niri, zuzendari gisa, hasiera batean bai kostatu zitzaidan. Ez genuen elkar ezagutzen, dena berria zen niretzat, eta laguntzari esker eta denboraldia aurrera joan den heinean, hobetzen joan gara.
Nola doaz denboraldiko lasterketak?
E.C.: Ondo, nahiz eta denboraldi hasieran eroriko bat izan nuen pistan, eta lesionaturik egon nintzen. Gero, errepideko lasterketak hasi zirenean, gozatzen hasi nintzen. Hasieran, forma hartzea eta tropelaren erritmoa jarraitzea zaila egiten zitzaidan, baina erritmoa hartu nuenean, oso gustura ibiltzen hasi nintzen. Gainera, lasterketetan ikaragarrizko giroa dago eta horrek laguntzen du.
Nolakoa izan da zaleen erantzuna? Hiru talde izatetik talde bakarra izatera pasatu zarete.
E.C.: Hasieran, lasterketara azaltzen ginenean, begiradak nabaritzen genituen. Errepideko denboraldia hasi zenean denak taldeko arropekin gindoazenez eta emaitza nahiko onak lortu genituenez, jendea galdetzen hasi zen, zirrara piztu zitzaien eta oihartzuna lortu genuen.
A.H.: Hasiera arraroa izan zen. Taldeko arropa berandu iritsi zen eta lasterketetara joaten ginenean, txirrindulariek aurreko taldeko maillotak erabiltzen zituzten. Hasiera kaotikoa izan zela esan genezake. Eta, gainera, nesken taldeak ez du zerikusirik mutilen taldearekin. Orain dena daukagula, —Goenagaren arropa, autoa eta abar—, jendeak ezagutzen gaitu.
Nolako harremana duzue beste taldeekin? Eta mutilen taldearekin?
E.C.: Nik, pertsonalki, Donostialdea Bizikletaneko mutilak ez nituen ezagutzen, eta ez dut arazorik izan. Beste taldekoekin ere oso ondo eramaten naiz, inongo momentuan ez didate aurpegiratu beste talde batera joan izana edo antzekorik.
A.H.: Gertuen ditugun taldeak Andoaingoa eta Tolosakoa dira, eta harreman oso ona dugu. Mutilen taldearekin ere ondo moldatzen gara.
Zein egoeratan daude emakumezkoen txapelketak zuen kategorian?
A.H.: Pixkanaka-pixkanaka, goraka doaz, baina, hala ere, oraindik lan asko dago egiteke. Badakit ez dela erraza, baina hemen inguruan lasterketa gutxi daude, eta Espainiatik mugitu behar gara lasterketetara joateko. Denboraldi honetan hiru lasterketa baino ez ditugu Gipuzkoan.
Egoera hauek frustragarriak dira zuentzat taldearekin aurrera jarraitzeko?
E.C.: Ni, pertsonalki, gustura nago bidaiatzen eta leku berriak ezagutzen.
A.H.: Bueno, lasterketak dauzkagun bitartean, nahiz eta urruti izan, ez gara kexatzen. Hoberena hemen inguruan edukitzea izango litzateke, hainbeste ez bidaiatzeko eta gastua ere baxuagoa izateko.
Emakumeen Suitzako itzuliko irudiak ikusi dituzue?
E.C.: Gure kategorian ematea ulergarriagoa da ez daukagulako hainbesteko maila, baina ez litzaidake normala irudituko. Maila altuagoetan ematea ez zait onargarria iruditzen. Ibilgailuak txirrindularien aurkako noranzkoan joatea… hori gizonezkoetan ez litzateke gertatuko eta ez da gertatuko.
A.H.: Bai. Lotsagarria da horrelako egoera bat ematea lasterketa batean, eta, normalean, emakumezkoen lasterketetan izaten dira halakoak.
Emakumezkoen eta gizonezkoen txirrindularitzan alde handiak daude? Iragarleen aldetik ere?
E.C.: Bai. Konparaketa eginez gero, tropeleko txirrindulari kopuruak asko aldatzen dira. Mutilen Gipuzkoako tropela gure Espainiako Kopakoaren bezain handia da.
A.H.: Batez ere, zaila izaten ari da guretzat iragarleak lortzea, behe mailako taldea garelako Oraindik pauso asko falta dira emateko.
Zer iruditzen zaizue Frantziako Tourra Donostiatik pasatu izana?
A.H.: Ez da batere ohikoa egoera hau Frantziako Tourrarekin. Guk hiru lasterketa besterik ez dauzkagu Gipuzkoan, kanpora joan behar gara lehiatzera, eta, bitartean, gizonezkoen Frantziako Tourra ekarri dute Donostiara.
Elena, zein motatako txirrindularia zara?
E.C.: Ez nuke jakingo esaten. Igotzailea izan naiteke, asko hobetu baitut denboraldi honetan. Argi daukat nahiago duditudala errepideko lasterketak pistakoak baino. Errepideko lasterketetako giroa askoz dibertigarriagoa da.
Ane, zein txirrindulari mota behar dituzue taldearentzat?
A.H.: Edozein motatakoak. Batez ere, behar duguna jendea da. Aurten, taldean lau gara, eta baten bat gehiago behar dugu.
Hemendik aurrera zein helburu dituzue?
E.C.: Lortutako emaitzak hobetu nahi ditut. Nire helburua lasterketaren bat lehenengo hamarren artean bukatzea da.
A.H.: Zuzendari gisa, abuztuaren hasieran dugun Kantabriako Itzulian ihesaldietan sartzea eta gure taldea ikusaraztea dira nire helburuak. Eta, ahal bada, etaparen bat irabaztea gustatuko litzaidake, noski.