Prest da Village People gauean Zurriolan eskainiko duten festa handirako
58. Jazzaldiaren lehen eguna da gaur, eta Village People talde ospetsua igoko da Zurriolako Keler Guneko agertokira, 20:45ean. Amerikako Estatu Batuetatik etorri berri dira taldekideak –Victor Willis (abeslari nagusia eta polizia), James Lee (militarra), Jeffrey Lippold (narruzko gizona), James Kwong (eraikuntzako langilea), Javier Perez (amerikar natiboa) eta Nicholas Manelick (cowboya)– eta gauean eskainiko duten kontzertua publiko zabalarentzako “festa bat” izango dela adierazi dute goizean Viktoria Eugenia antzokian egin duten prentsaurrekoan.
Village People talde nagusietako bat da disko musikaren historian. Mundu zabalean ezagutzen ditu jendeak errepika eranskorrez osatutako beren abestiak, eta belaunaldi batek baino gehiagok abestu eta dantzatu izan ditu.
Village people (1977) izeneko lehen albumak dagoeneko arrakasta handia izan zuten abestiak biltzen zituen, besteak beste San Francisco (You got me) eta In Hollywood (Everyboy’s a star). Bigarren diskoa Macho Man (1978) izan zen, eta ondoren iritsi zen Cruisin (1978), taldearen kantarik ospetsuena zeramana: Y.M.C.A. Gerora argitaratu zituzten diskoek, Go West (1979) eta Live and Sleazy (1979), osatu zuten euren abesti ospetsuenen zerrenda Go West eta In the navy abestiekin.
Gaur gaueko kontzertuan, Victor Willisek, taldearen jatorrizko abeslari nagusiak, beraien abesti arrakastatsu guztiak interpretatuko ditu taldearekin batera, zuzenean joko duen banda batek lagunduta.