'Villacris', Uliako haurren topagune
Ategorrietako haurtzaindegi bat izan zen Villa Cristeta, eta ondoren, San Jose de Calasanz eskola publikoa, soilik mutilentzat zena. Rocako dukesarenak ziren orube horiek, eta emakume haren inguruko oroitzapen asko gordetzen dituzte bertako bizilagunek.
Bere haurtzaroko bizipenetatik abiatuta idatzi du Xabier Rico Urtadok (Ategorrieta, 1959) Ategorrietako Oroimenak 1959-2023 liburua, eta atal batean, 1960ko hamarkadan beraren eta bere lagunen topaguneak izan zirenak izan ditu hizpide. Azaldu duenez, txikitan, beraien topaguneak frontoia edo La Pacaren eskailerak izaten ziren, Iturraga etxe azpiko janari dendakoak.
Zamora tabernaren inguruan bizi zen Rico, eta gogoan du eremu hartan bizi ziren haurrak ez zirela elkartzen errepide nagusian bizi zirenekin, nahiz eta elkarrengandik 200 metroko distantziara bizi. “Frontoia zen gure muga naturala”, jakinarazi du.
Rico eta bere lagunak langile xumeen semeak ziren, eta errepide nagusian bizi zirenei “maila sozial pixka bat altuagoa” zutela antzematen zitzaien, liburuaren egilearen hitzetan. Hori dela eta, Ulia mendian maizago ibiltzen ziren bera eta bere lagunak, “kalekumeagoak eta basatiagoak” zirelako.
Hala ere, gogoan du tarteka Villa Cristetara joaten zirela jolastera. Beraiek Villacris deitzen zioten leku horri. “Errepide nagusiaren ondoan zegoen, gaurko Ulia hotelaren beste aldean. Rocako dukesaren ondarekoak omen ziren orubeak, eta Purgatorioko Arimen Laguntzaileen mojak ziren arduradunak”, azaldu du Ricok.
‘Villacris’ eskolako antzezlanak
Villa Cristeta haurtzaindegi bat izan zen, eta geroago, San Jose de Calasanz eskola publikoa, soilik mutilentzat zena. “Ospakizun aretoa zegoen, eta bertan antzerkiak egiten ziren. Geroago, guatekeak egin ziren, baina dantza soltekoak, aireak ere espazioa izan behar zuelako”, oroitu du Ricok liburuan.
Eta, badirudi, ez dela gauza horietaz oroitzen den bakarra, auzoko lagun baten bizipen bat ere txertatu baitu kontakizunean: “Lagun batek kontatu didanez, 1950eko hamarkadan Villa Cristetako emanaldiak arrakastatsuak izan ziren auzoko jendearen artean. Marcelino pan y vino filmaren antzerki bertsioan aretoa bete egin zen, eta protagonistari Marcelino deitu zioten hurrengo hilabeteetan”.
Rocako dukesa
Aurretiaz aipatu dugun moduan, Rocako dukesarenak ziren Villa Cristetako orubeak, eta emakume horren inguruko xehetasunak ere azaldu ditu Ricok. Bere hitzetan, “emakume misteriotsua” zen, “argal-argala, oso altua eta beti beltzez jantzita, soineko luzeekin eta bastoiarekin”. Hainbat noblezia titulu omen zituen: Rocako dukesa, La Lagunako markesa, eta Jarafeko bizkondesa. Tituluak titulu, Maria del Milagro Hurtado de Amezaga y Collado izena zuen, eta 1889-1975 urteen artean bizi izan zen.
“Sei urterekin edo, Un, dos, tres a Villacris… Un , dos, tres a Villacris… abesten genuen dukesaren agindupean, militar martxa baten moduan, Ategorrietako Apaizen pasealekuko eskola zaharretik Villa Cristetarako bidean”, gogoratu du Ricok.
Urte asko pasatu dira ordutik, eta liburuan txertatzeko dukesaren irudiaren bila luzaroan ibili ostean, interneten topatu zuela azaldu du. Ez zuen topatuko zuena aurreikusten: “Desilusio handia eraman nuen, ordea, haren itxura ez zetorrelako bat nik txikitan gogoratzen nuenarekin, berak ia-ia 80 urte zituenean”.
Hori dela eta, haren zahartzaroko argazki baten bila jarraitu zuen Ricok, eta Villa Cristetako mojengana laguntza eske joatea erabaki zuen. “Egun batzuk pasatuta, haien artxibotik argazki bat helarazi zidaten, 1957koa. Beraz, berak 68 urte zituen bertan, eta nahiz eta nik askoz zaharragoa ezagutu, bat dator nire oroimenean dudan irudiarekin”.
Dukesarekin lotutako beste oroitzapen bat ere partekatu du Ricok txikitako topaguneen atalari amaiera emateko. Villa Cristetako futbol zelaiaz gain, dukesaren jabetzakoa zen Urrako futbol zelaia ere erabiltzen zuten igande batzuetan. “Altuna-Enea etxetik gertu zegoen. Zelai hartan izaten ziren futbol txapelketako partiduak auzoko jaietan. Zoritxarrez, zelai hura ez genuen gure eskura nahi bezainbeste, txikioi ez zigutelako jolasten uzten. Igande batzuetan bai, ordea, Urra egoitzako ateak zabalik zeudelako”, gogoratu du.
Igande horiek dukesaren kremazko bonben eta esne opilen zozketek goxatzen zituzten: “Antza denez, auzoko umeak elikatzeko ardura berari zegokiola uste zuen, agian oso gaizki elikatuta ikusten gintuelako”.