Jazz, disco eta funk!
Kenny Barronek jazz lasaiak ireki zuen Jazzaldia, Village Peoplek hondartza goraino bete zuen eta Fred Wesleyk dantzan jarri zuen Zurriola, lehenengo eguneko kontzerturik onenean.
Kenny Barron jazz pianista handiak ireki zuen atzo 58. Jazzaldian, Kursaalean eskainitako kontzertu bereziarekin. Jazz zaleentzako kontzertua izan zen, erabat, jazz zalea ez zenak nekez aguantatuko zuen kontzertu osoa. Horrek ez du esan nahi, ordea, kontzertu txarra izan zenik, kontzertua maila handikoa izan zen, baina gaztelaniaz esaten den moduan, café para muy cafeteros.
Hirukotean hasi zen Barron, bi musikari bikainek lagunduta: Kiyoshi Kitagawa kontrabaxuan eta Jonathan Blake baterian. Sunshower abestiarekin ireki zuten emanaldia, eta lehenengo abesti hori nahikoa izan zuten hirurek euren maila izugarria erakusteko: Barronek solo bikain eta luzea egin zuen pianoan, Kitagawak maila handiko soloa egin zuen kontrabaxuan Blakek ez zuen solorik behar izan bateria m0du paregabean jotzen duela erakusteko.
Jarraian, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa sartu zen agertokira, 30 bat laguneko banda, denak hari instrumentuekin eta gehienak biolinekin. Irudi erabat ezohikoa da hori egungo jazz kontzertuetan, eta ikusmina sortu zuen ikusleen artean. Jotzen hasi bezain laster, argi gelditu zen orkestrak sekulako gorputza ematen ziola Barronen musikari, eta maila handiko kontzertua izango zela atzeman zuten ikusleek. Izugarrizko maila zegoen oholtzan.
Hala izan zen, maila musikal bikaineko emanaldia izan zen, bai Barronen hirukotearekin partetik eta bai orkestraren partetik, emanaldiak tarte batzuetan musika klasikoaren kutsua izan zuelarik; Barronek bere jazz piano doinuekin hausten zuen kutsu hori, justu hautsi behar zenean, jazzera itzultzeko.
Ordea, maila bikaineko kontzertua izanik eta Kursaalaren moduko auditorio batean giro intimista ederra sortzea lortu izanik ere, apur bat laua izan zen emanaldia bere osotasunean, apur bat hotza. Izan ere, pieza gehienek antzeko erritmo lasaia izan zuten, haustura handirik gabe, eta Barronek publikoarekin ia hitz egin ez izanak ez zuen lagundu.
Cook’s Bay hirukote formatuan joz itxi zuten kontzertua, orkestra sinfonikoa ikusle pribilegiatu izan zelarik, eta amaieran ikusle ugari zutik jarri ziren taldea txalotzeko. Horrela, bis bat egitera itzuli zen hirukotea, eta Thelonious Monken Shuffle Boil jo zuten. Orduan iritsi zen emanaldi guztian egon ez zen erritmo aldaketa bizia, hiru musikariek solo izugarriak egiteko tartea hartu zuten eta, orduan bai, Kursaala berotu zen. Pieza bat nahikoa izan zuten kontzertu hotz samar batetik jendea bero ateratzeko; hori soilik musikari handiek egin dezakete.
Hondartzan dantza
Barronen jazz leunetik hondartzara Village Peoplen disco musika bizia ikustera joatea, hori bai haustura! Zurriola lepo bete zen talde estatubatuar ezaguna ikusteko, eta, batez ere, bere abesti ospetsuenak dantzatzeko.
Jendea dena ematera joan zen, eta lehenengo minututik harrera beroa egin zioten taldeari. Ordea, aitortu behar da Victor Willis abeslari nagusiak —jatorrizko taldeko kide bakarra da, Russell Dabney bateriarekin batera— ez daukala ahots batere ona gaur egun. Horrela ere, hainbat taldekide gaztez inguratu da, eta bere ahots falta taldekideen dantza pausoek eta showak orekatu zuten. Aipatu behar da, halaber, arazo teknikoren bat egon zela eta ez zela batere ondo entzuten.
Kontzertuaren hasieran jo zuten Macho Man ezaguna, eta emanaldiaren azken txanpan iritsi ziren jendeak entzun nahi zituen abesti mitikoak: In the Navy eta Y.M.C.A., besteak beste; hondartza mugikorrez bete zen abesti horietan, mundu guztiak izan nahi baitzuen bere istorioa Instagramen. Emanaldia ez zen beste munduko ezer izan, baina jendeak abesti mitiko horiek entzun nahi zituen zuzenean, entzun zituen eta gogoz dantzatu zuen; zertarako gehiago?
Funk, funk eta funk
Village Peoplen aurretik eta ondoren Kursaaleko terrazetan hainbat kontzertu interesgarri egon ziren, eta Fred Wesley & The New JBs taldeak itxi zuen gaua, hondartzan eskainitako kontzertu biziarekin; lehenengo eguneko kontzertu onena izan zen.
Bere 80 urteekin, musikari beteranoa da Wesley tronboi jotzailea, baina James Brownekin urte luzez jotakoa da, eta James Brownek bere alboan eduki nahi bazuen, zerbaitengatik zen. Eserita pasatu zuen kontzertu osoa (bisa izan ezik), baina bere eserlekutik hondartza guztia dantzan jarri zuen, kontzertuaren hasieratik bukaerara.
Bluesa ukitu zuen, soula eta jazza ere bai, baina, bereziki, funk kontzertu bat izan zen, aparteko funk kontzertu bat. Aipamen berezia merezi dute egin zituzten Bop To The Boogie eta House Party abestien bertsioek eta, baita ere, Wesleyk inguruan zituen musikari guztiek, denek izan baitzuten luzitzeko aukera. Kontzertua amaierako ondorioa: zaila da Fred Wesleyk baino flow gehiago izatea!