Asteburu mugitua hondartzetan marmokak direla eta
Karabela portugesak albiste izan dira berriro asteburu honetan, zenbait egunez protagonismoa galdu ondoren. Ostiralean mota horretako 73 marmoka jaso zituzten Kontxako hondartzan. Onartu berri duten protokoloak agintzen duenari kasu eginez, bainua debekatu behar izan zuten —protokoloak dio karabela portugesen hamabost ale edo gehiago begiztatuz gero, hondartzak bainurako erabat itxiko direla—.
Gainera, ostiral, larunbat eta igandean ziztada bana erregistratu zen Donostiako hondartzetan: ostiralean eta larunbatean Kontxan, eta igandean Ondarretan. Ordubetean pertsona bat edo bi ziztatuz gero, eta marmoken ale bat baino gehiago begiztatzen bada ere bainua debekatzeko agintzen du protokoloak, eta hala egin zuten.