«Euskarabenturak munduan egoteko modu bat transmititu nahi du, euskaratik eta euskaraz»
Euskal Herriko txoko desberdinak zeharkatzen dituen Euskarabentura uztailaren 1ean abiatu zen Mauletik, eta hilaren 31n bukatuko da Getxon. 155 parte hartzaile ditu aurtengo edizioak, eta larunbatean Donostian pasatu zuten gaua. Ander Egiluz komunikazio arduradunak kontatu dizkigu abenturari buruzko xehetasunak.
Zer moduz doa aurtengo Euskarabentura?
Oso ondo, oso urte polita izaten ari da. Uztailaren 1ean Mauletik abiatu ginen, eta uztailaren 31n bukatuko dugu Getxon. Egunak uste duguna baino azkarrago doaz aurrera, eta dagoeneko erdia baino gehiago egin dugu.
Zein helbururekin antolatzen duzue?
2015ean, Boisen (Idaho, AEB) lagun batzuk batu ziren eta beste pertsona batzuk ezagutu zituzten, eta konturatu ziren denak Quetzal ibilbideko bidaiari ohiak zirela. Bidaia hori egiteak eurengan oso eragin positiboa izan zuenez, pentsatu zuten Euskal Herrian ere horrelako zerbait egin behar zela; bereziki, euskararen ezagutzak gora egiten zuelako baina erabilerak ez. Beraz, euskaldun gazteen sare berri bat sortzeko horrelako abentura bat sortzea formula ona iruditu zitzaien. Euskal Herrian zehar ibili, oinez, elkarrekin hilabete oso bat partekatuz, eta Euskal Herriko ondare kulturala eta naturala ezagutzera emanez. Beste balore batzuk ere baditu Euskarabenturak, adibidez, ekologismoa eta parekidetasuna. Munduan egoteko modu bat transmititu nahi diegu era aktibo batean, euskaratik eta euskaraz. 2018an egin zen lehen espedizioa.
Aurten zenbat parte hartzaile daude?
125 gazte eta 30 langile gaude, 155 pertsona guztira. Aurreko urteren batean egon izan dira 120 gazte, baina aurten 125era igo dugu. Gazteak Euskal Herri osotik heltzen dira hona, zazpi probintzietako jendea daukagu. Saiatzen gara modu orekatuan sartzen leku guztietako jendea, eta diasporako gazteak ere bai. Argi dago Bizkaiko jende gehiago dagoela Zuberoakoak baino, baina hala ere badago Zuberoako eta diasporako jendea ere. 16-17 urte bitartekoak dira gehienak, baina badira 15 urtekoak ere. Iparraldekoei ematen zaie aukera urtebete gazteagoak direnak etortzeko.
‘Jzioqui dugu!’ da zuen leloa. Zer esan nahi du?
Yusoko monastegian (Errioxa, Espainia) latinez idatzita zegoen erlijio liburu bat aurkitu zuten. Baina monje batek duela 1.000 urte erabaki zuen azalpen batzuk ematea, eta hor agertu ziren protogaztelerazko lehenengo hitzak, eta euskarazko hitz batzuk ere bai. Jzioqui dugu da horietako bat, eta esan nahi du argituak izan gara. Gustatu egin zitzaigun, eta erabiltzea pentsatu genuen. Orain badakigu ez dela euskarazko hitzik zaharrena, sorioneku daukagulako, baina guk lelo berdinarekin jarraitzen dugu.
Egunez egun lekuz mugitzen joaten zarete. Nolako jarduerak egiten dituzue?
Soilik lauzpabost egun izan ditugu etaparik gabe. Gainontzeko egun guztietan etapak egin ditugu, eta egiten duguna da goizetan etapa, gero bazkaldu eta ondoren edukiak. Eta edukiak izaten dira inguruarekin lotura duen zerbait, adibidez, herriko elkarte bateko jendea edo festak antolatzen dituen jendea ezagutu, euskarazko Wikipediako kide batek azaltzea zergatik den garrantzitsua leku bat, musika emanaldiak eta historiari eta ekologiari lotutako jarduerak. Denetarik izan dugu, baina beti pentsatuta herri horretan nor bizi den, lekuetatik kontzienteki pasatzeko. Uste dut horretan edukiek asko laguntzen dutela.
Lotarako nola moldatzen zarete?
Gehienetan, ikastoletan, kiroldegietan edo pilotalekuetan geratzen gara. Udalekin hitz egiten dugu, azkenean, behar dugulako leku bat 155 esterila jarri eta gustura egoteko. Dutxak baldin badaude sekulakoa izaten da, eta egia da gehienetan edukitzen ditugula.
Gazteak taldeetan antolatuta daude?
Denok batera gaude, baina hamar taldetan antolatuta daude, bakoitza bere begiraleekin. Horrela, errazagoa da dena antolatzea. Gero, ibilaldiak egiten ditugunean, batzuk sasoi hobea dutenez beste batzuk baino, hiru talde egin ditugu: erbiak dira azkarren doazenak, katagorriak erritmo normalean doazenak eta trikuak motelago doazenak. Taldekatzea garrantzitsua iruditzen zaigu, hobeto antolatzeko.
Larunbatean izan zineten Donostian. Zer egin zenuten hemen?
Donostiako Udalarekin hitz egin eta eskola bat lotu genuen gaua pasatzeko. Larunbatean, Urruñatik Hendaiara oinez joan ginen, Hendaiatik Donostiara topoz, eta Zurriolan bainutxo bat hartu genuen. Gauean, Kike Amonarriz etorri zen euskararen inguruko hitzaldi bat ematera. Atzo, igandea, Donostiatik Getariara oinez joan ginen, eta 15:30ak inguruan iritsi ginen. 16:30ean hondartzara joan ginen, eta 17:30ean Izaro Lestaio arraunlariak hitzaldi bat eskaini zigun. Gauean, Eire bikotearen kontzertuaz gozatzeko aukera izan genuen.