Herritarren Partaidetzako aurtengo dirulaguntzak eman ditu udalak
Herritarren Partaidetzako zerbitzuaren diru laguntzak ematea onartu du Donostiako Udalak. Ekarpen ekonomiko hauek gizarte mugimenduen lana sustatzeko helburua dute, “gizarte sare kritiko, sortzaile, autonomo eta erreferentziala ahaldundu” asmoz, elkarlana eta elkar ezagutza handitu eta gizarte kohesioa indartze aldera.
Deialdi honetako aurrekontua 26.955,55 eurokoa izan da, eta honako proiektuak finantzatzeko erabili da: Igeldoko Herri Kontseilua, Bagera, Lotura Giza Garapena kooperatiba txikia, Uliako auzo elkartea, Zehar-Euskadi elkartea, Altza XXI herri ekimena, Kalapie Hiriko Txirrindularien Elkartea eta Elkartu (Desgaitasun Fisikoa duten pertsonen Gipuzkoako Federazio Koordinatzailea).
Lurraldetasunari dagokionez, horietako bost hiri mailan planteatu dituzte; beste hiru proiektuk lurralde ikuspegi espezifikoagoa dute, eta Altzan, Igeldon eta Ulian garatuko dira, hurrenez hurren. Lehen biek eremu horietako bizitza komunitarioan eragiteko asmoa dute, eta Altzakoak auzoko berdeguneak aztertzea du helburu, partaidetza metodologia baten bidez.