Koldo Mitxelenak mailegu zerbitzua berreskuratuko du asteazkenetik aurrera
Ekainaren 16an itxi zuten Koldo Mitxelena Kulturunea, eraikinaren berritze lanak egiteko, eta ordutik hona jarduera gehienak etenda egon dira. Ekainaren 19az geroztik Parte Zaharreko Santa Teresa komentua erabiltzen dute ekitaldietarako, eta asteazkenetik aurrera ohiko beste zerbitzu bat berreskuratuko du kulturuneak: Errege-Erregina Katolikoen kaleko 16. zenbakiaren behealdean mailegu zerbitzua jarriko du martxan.
Zerbitzua berrezartzearekin batera, 60.000 dokumentu baino gehiago egongo dira eskura. Horrez gain, beste biltegi batzuetan dauden dokumentuak ere eskuratu ahal izango dira, dagokion eskaera eginda. Gainera, kulturuneak nork bere maileguak egiteko aukera eskainiko du aurrerantzean, horretarako instalatutako makina berriak erabiliz.
Mailegu zerbitzuak honako ordutegia izango du: astelehenetik ostiralera 08:30etik 20:30era, eta larunbatetan 08:30etik 14:00etara.