Ahazteko zailak diren kontzertuak
Ohikoa den moduan, Jazzaldiak Kursaaleko agertokian eman zion hasiera ostiralean bere historiako 58. edizioari, festa herrikoi eta jendetsu batekin. Aurretik, ordea, Yosuke Yamashita pianista japoniarrak bi kontzertu eskaini zituen ostegun eta ostiral goizean San Telmo museoko klaustroan, azken urteetan goizetan egiten diren bakarkako piano kontzertu zikloaren barruan. Aurtengo Jazzaldia saria jaso duen ibilbide luze eta interesgarriko 81 urteko artista honen bigarren kontzertua ikusteko aukera izan nuen ostiralean, Classical Momentum izenburuarekin. Johann Sebastian Bachen suite batekin hasi zuen kontzertua, armonia klasikoak inprobisazioarekin eta jazz eskalekin nahastuz. George Gershwinen Summertime eta Raphsody in Blue piezekin jarraitu zuen, berak sortutako beste batzuekin nahastuz. Zoragarria da San Telmo museoko oholtza eta bertan sortzen den giro bildua, goizeko argiarekin. Kontzertu interesgarria izan zen, nahiz eta pasarte batzuetan pianoaren pedalaren erabilerak nahasmendua sortzen zuela iruditu zitzaidan. Pozik ageri zen gizona hain leku berezian jotzeagatik.
Gaueko festako talde mediatikoena Village People taldea izan zen, jazzarekin baino 1970eko hamarkadako disco musikarekin zer ikusi gehiago duena. Gainezka zegoen hondartza beraien hit ezagunenak entzuteko, In the Navy eta YMCA. Arazo teknikoren bat izan zela eta, soinua nahiko eskasa zen, eta ez zen behar bezala entzuten. Horien ondoren The Side Effects norvegiar hirukotea ikusi nuen Frigo agertokian. Beraien proposamena oso interesgarria iruditu zitzaidan, abangoardista eta ederki interpretatutakoa. Ondoren, funk jazz musikaren sortzaile eta martxan segitzen duen gutxietako bat ikusteko gogoz nengoen, Fred Wesley tronboi jotzailea, urte askoan James Brown handiaren bandako kide eta konponketen arduraduna izan zena. Gogoan dut 1993ko Jazzaldian Trinitate plazara Maceo Parkerrekin etorri zenekoa. Ahazteko zailak diren kontzertu horietako bat eskaini zuten, beraien heldutasun musikalaren gailurrean zeudenean. Orain 80 urte ditu Wesleyek eta The JB Horns osatzen zutenetatik martxan segitzen duen bakarra da, Pee Wee Ellis hil ondoren eta Maceo Parker osasun arazoengatik geldi baitago. 30 urte pasa dira Trinitate plazako kontzertu hartatik hona, urteak ez dira debalde igarotzen, baina, hala ere, funkaren erakustaldi ederra eskaini zuten Wesleyek eta bere taldeak, animatua eta dantzagarria.
Larunbatean Norah Jones abeslari eta piano jotzailea izan zen eguneko izarra, Jazzaldiak inoiz kontratatu duen artistarik garestiena, esan denez. Orain dela 20 urte izugarrizko fenomeno bihurtu zen artista hau bere lehen Come Away With Me diskoarekin, 20 miloi ale salduz. Abeslari aparta da, baita pianista ere. Oso gustukoa dut bere pianoa jotzeko modua, countrya, bluesa, eta jazza uztartzen dituen estilo bereziarekin. Kontzertua zoragarria izan zen alde guztietatik. Hiru musikari apartekorekin batera aritu zen Jones, eta horietatik Brian Blade bateria jotzaile maisuak txundituta utzi ninduen, Donostiara etorri den aldi guztietan utzi nauen moduan. 1992an The Jazz Futures taldearekin izan zen hemen aurreneko aldiz, eta orduz geroztik hainbat artistarekin bueltatu da Blade (Joshua Redman, Wayne Shorter…). Atzoko kontzertua americana estiloaren masterclass bat izan zen, gospel, blues, jazz, country, funk… denak maisutasunez nahastuz. Zoragarria ikuspuntu guztietatik.
Ondoren Elena Setien abeslariak Nauticool agertokian eskaini zuen kontzertuan berari lagunduz teklatuak jotzen aritzeko plazera izan nuen, Karlos Aranzegirekin batera —azken hori baterian—. Elenaren diskografia errepasatu genuen, atsegin handiz entzuten ari zela zirudien publikoaren aurrean. Gau ederra zegoen eta giro oso polita sortu zen publikoaren eta gure artean. Ordu berean Julian Lage eta Bill Frisellen kontzertua zegoen Trinitate plazan, jo beharrik izan ez banu gustura ikusiko nukeena. Ezin denetara iritsi horrenbesteko eskaintza zabala eta erakargarria duen jaialdi honetan.