Sustraietatik zerura
Kursaal auditorioa jendez bete zen igande arratsaldean Ben Harper & The Inocent Criminals ikusteko; edo, hobeto esanda, Harperren zale amorratuz bete zen auditorioa, ikusleek dena eman baitzuten lehenengo minututik, Harper agertokira atera aurretik ere oihuka eta txaloka. Jendeak gogoa zuen Harper zuzenean ikusteko, eta estatubatuarrak ez zuen hutsik egin, emanaldi biribila eskaini baitzuen.
Bluesaren eta, oro har, musika beltzaren sustraietatik edaten duen musikaria da Harper, baina ez da sustraietan gelditzen, doinu garaikideagoak ere lantzen ditu, bere ukitu eta, batez ere, ahots bereizgarriarekin. Taldeak sustraietara jo zuen kontzertua hasteko, Below Sea Level gospel kutsuko kanta bost ahotsera abestuz.
Hortik aurrera, bluesa ukitu zuten, rocka ere bai, eta baita reggae musika ere, Finding Our Way abestiaren zuzeneko indartsu batekin. Steal My Kisses abestian atera zuen estreinakoz hawaiiar estiloko gitarra (weissenborna), Kursaala lehertzeko; izugarria izan zen abesti horren zuzenekoa, eta ikusleek oso harrera beroa egin zioten.
Erritmo bizi hori Walk Away berak bakarrik joz hautsi zuen Harperrek, kontzertuari behar zuen atsedena emanez, eta oso bertsio polita joz. Ordea, behar baino gehiago luzatu zen bakarkako blokean, jo zituen lau abestiak gehiegitxo izan baitziren; nahikoa zen pare bat abesti bakarka jo izana, atseden hartzeko eta taldearekin indartsu itzultzeko. Tartean, bluesarekin eta flamenkoarekin duen harremanari buruz hitz egin zuen, berriz ere sustraietara joz; umorerako tartea ere utzi zuen, bere buruari Donostian zegoela gogoraraziz: “Stop speaking in english. Trump speak’s en english. Don’t use any language that Trump uses” (utzi ingelesez hitz egiteari. Trumpek ingelesez hitz egiten du. Ez erabili Trumpek erabiltzen duen hizkuntzarik).
The Inocent Criminals itzuli ziren azkenean, eta With My Own Two Hands abestia jo zuen boskoteak; apoteosikoa izan zen, ikusle guztiek zutik bukatu zuten, dantzan, oihuka eta txaloka. Harperrek, ordea, ez zuen hain ondo bukatu, bateriaren aurrera igo baitzen dantzatzera, baina jaistean gitarra hawaiiarra jotzeko erabili zuen aulkiarekin kolpea hartu zuen barrabiletan… Bisean argitu zuen ondo zegoela, urte luzez skatean ibili izanagatik halako kolpeekiko erresistentzia garatu duela; eskerrak!
Amen Omen eta Knocking On Heaven’s Door abestiak uztartu zituen jendeak horrenbeste eskatu zuen bisean, berriz ere, maila izugarria erakutsiz. Sustraietatik abiatu zuen kontzertua gospelarekin, eta estilo ugari modu bikainean ukitu zitu ibilbide luzea egin ondoren, zeruko ateak joz itxi zuen emanaldia taldeak. Zalantzarik gabe, 58. Jazzaldiko kontzertu onenen artean egongo da Ben Harperrena.