Abdullah Ibrahimetik Pat Metthenyra, eskerrik asko Jazzaldia
Igandean ezin izan nuen hainbeste miresten dudan Abdullah Ibrahim pianojole hegoafrikarraren kontzertua ikustera joan Trinitate enparantzara. Aspalditik nituen erosita sarrerak egun horretarako baino azkenean neronek joan behar izan nuen Santanderrera jotzera. 88 urteko artista honek nortasun handiko izugarri ibilbide aberatsa egin du 1950etako hamarkadan hasita, Hego Afrikan jatorriz landutako estiloa jazz armoniekin uztartuz, oso modu pertsonalean.
Ondo merezitako Jazzaldia saria jaso zuen igandean Miguel Martin Jazzaldiko zuzendariaren eskutik. Miguelek berak aitortu zuen Jazzaldiak Abdullahrekiko zuen zorra era honetan kitatua geratzen dela. Erabat ados nago, aspalditik merezitako saria zuen hau. Kontzertua ikusterik ez nuen izan baino bai bera zoriontzeko aukera astelehen bazkalondoan hoteleko kafetegian berarekin te bat hartuz. Artista handia izateaz gain, maila eta konpromiso altuko pertsona dirudi.
Te horren ondore Kursaalera joan nintzen Pat Metthenyren kontzertura. Hirukote formatuan etorri zen Mettheny, gitarra, teklatuak (pianoa, sintetizadoreak, Hammond organoa) eta bateriarekin. Formatu hau guk Elkano Browning Cream taldearekin erabiltzen dugunaren berdina da eta banuen interes berezia kontzertu hau ikusteko. Kontzertu estratosferikoa izan zen, pasarte eta instrumentu desberdin askorekin: gitarra akustiko bereziekin, elektrikoekin, teklatu mota askorekin, bateria, eta ordenagailuz kontrolatutako perkusio instrumentu berezi multzo batekin. Birtuosismoa zer den adierazteko adibide hona litzateke hiru musikari hauek egiten dutena. Metthenyren hizkuntza musikala zabala da, pasarte lasaietatik hasi eta psikodelia basatieneraino joaten da, swing, blues, rock, folk eta abarrak bere prisma berezitik interpretatuz. Txundituta uzten du egiteko gai direnak.
Handik irten eta Trinitatera joan nintzen Enrico Rava tronpeta jole italiarra ikustera. Jazz klasikoagoan oinarritutako proposamenarekin zetorren. Euria hasi zuen, nik burua Metthenyren nota zaparradaren ondoren nahiko kargatuta nuen eta ezin izan nuen asko iraun kontzertuan, informazio gehiegi neraman ordurako.
Aurtengo Jazzaldia bukatzeko, Maliko Bamba Wassoulou Groove eta Joss Stone abeslari britainiarra izan ziren atzo. Trinitateko eszenatokian izandako kontzertu herrikoiena izan zen, Ali Farka Toure edo Mamadou & Mariam malitarrak burura ekartzen zituzten musiko afrikarrekin lehen partean, eta soul jazz gozoegia egiten zuten ingelesekin bigarren zatian. Indarka sartutako proposamena iruditu zitzaidan Jazzaldiko eszenatoki nagusirako.
Urtero bezala plazera izan da gure hirian horrenbeste proposamen desberdin dastatu ahal izatea egun hauetan. Eskerrik asko Miguel Martin eta bere taldeari antolakuntzan egindako lanagatik.