Aparthotel bat eraikitzeko lizentzia eman du udalak
Tokiko Gobernu Batzordean adostutakoaren arabera, udal gobernuak Sarrueta pasealekuko 88. zenbakian aparthotel bat eraikitzeko lizentzia eman dio Urumea Rooms enpresari. Enpresak bi urte izango ditu lanak amaitzeko.
Eraikinak sotoko bi solairu, beheko solairua, hiru solairu eta atikoa izango ditu; guztira, 73 apartamentu. Beheko solairuan terraza publikoa eta apartamentuen terrazak egongo dira, eta baita zamalanetarako gunea eta bizikletentzako aparkalekua ere. Eraikinak aparkaleku propioa izango du sotoan.
Sarrueta 88, martxoan onartutako moratoriatik kanpo
Aparthotel berria 27 Industrialdean kokatuko da, eta, hortaz, ez ditu martxoan onartu zen moratoriak barne hartzeko baldintzak betetzen.. Horren arabera, Antigua-Ondarreta, Ategorrieta-Ulia, Erdialdea, Gros eta Ibaetako hirigintza eremu guztietan baimenak orokorrean bertan behera gelditu dira, eraikinen kalifikazioa edozein dela ere, eta hiriko gainerako eremuetan soilik bizitegi erabilera duten eraikinetan aplikatu da. Aparthotel berriak ez ditu ez bata ez bestea betetzen.
Gainera, Urumea Roomsek 2021ean aurkeztu zuen udalean proiektua. Moratoria indarrean jarri zenean, aipatu zen dagoeneko tramitazio fasean zeuden baimenek bere bidea egiten jarraituko zutela —sonatuena Arte Ederretako eraikinaren lekuan jarriko duten Hilton hotela da—, eta horietako bat da eraikitzeko lizentzia eman zaion aparthotel hau ere.