Igeldoko haur parkearen egoera txarra salatu dute
Igeldoko plazako haur parkea berritzeko eskatu du bertako guraso talde batek, izan ere, denbora daramate parkearen “egoera tamalgarria” salatzen. “Lurzorua hainbat lekutan pitzadurez betea” dagoela adierazi dute, eta jolas tramankuluak “zaharkituta edota puskatuta” daudela. “Egoera honek gure haurrak arriskuan jartzen ditu, egunez egun eta etengabe, ez baitira segurtasun irizpideak betetzen ari”, adierazi dute ohar baten bidez.
Horrez gain, garbitasun zerbitzuak “bere gabeziak” dituela salatu dute, eta Donostiako jolas eremu desberdinekin alderatuta, “diskriminazio egoera bat” jasaten ari direla uste dute.
“Bide batez, jolas parke duin bat edukitzeko eskubidea zilegi zaigula aldarrikatzearekin batera, plazako parkeak, egun, betetzen ez dituen irisgarritasun eta inklusio irizpideak bete ditzala eskatzen dugu”, adierazi du guraso taldeak.
Honekin batera, jolas parkearen eraberritze lanetan eta diseinuan hartu beharreko erabakietan parte hartzeko eta elkarlanerako prestutasuna eta borondatea dutela adierazi diote Donostiako Udalari.