Xabier Atristainek espetxean jarraituko du
Ostiralean mobilizatzeko deia egin dute, 19:30ean, Plaza Berritik hasita.
Auzitegi Nazionaleko lehen zigor salak Xabier Atristrain preso donostiarraren hirugarren graduari fiskaltzak jarritako inpugnazioa onartu duela jakinarazi du Sare Herritarrak. Horren ondorioz, Martuteneko espetxean jarraituko du. Sareren arabera, erabaki honek “berretsi” egiten du Espainiako justiziaren jarrera, “non ordainak eta krudelkeriak zuzenbidea ordezkatzen duten”.
Aurtengo martxoan bidali zuten bueltan kartzelara Atristain, nahiz eta 2022an Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ebatzi zuen Espainiak prozesu “justu eta ekitatezkoa” izatea ukatu ziola. Hori dela eta, Sare Herritarrak Auzitegi Nazionalaren eta fiskaltzaren “etengabeko jarrera oztopatzailea eta konfrontazioa” kritikatu ditu: “Gure ustez, jarrera horiek ez dute betetzen espetxe politika humanistaren legezko helburua, eta, aitzitik, gizagabetzat baino ezin dira jo”.
Erabaki horri erantzunez, Sare Herritarrak ostiral honetan egingo den mobilizazioan parte hartzeko deia egin du. Elkarretaratzea 19:30ean abiatuko da Plaza Berritik.