Babesgabetasun egoeran dauden haurrentzat 35 harrera familia espezializatu lortu nahi ditu aldundiak
Gipuzkoako Foru Aldundiak Zaintza eta Gizarte Politiketako departamentuari Laguntza Teknikoa emateko zerbitzua kontratatzeko espedientea onartu du, babesgabetasun egoeran dauden adingabeei harrera egiteko familia espezializatuen informazio, atzemate, hautaketa eta prestakuntza proposamenak egiteko eta jarraipen teknikoa egiteko. Kontratuak gehienez bi urteko iraupena izango du, eta aurrekontua 4.277.852,33 eurokoa izango da.
Gipuzkoan duela hamabost urte aktibatutako programa aitzindaria da, eta gaur egun 22 familia harreragile espezializatu daude lurraldean. Kontratu berri honen bidez, programa indartu nahi da eta bi urtean 35 familiatara iritsi, hau da, %59ko hazkundea izatea aurreikusten da.
Gaur egun, Gipuzkoan 353 haur eta gazte bizi dira harrera familietan, horietatik 23 adin txikiko 22 familia espezializatutan. Gipuzkoa lurralde aitzindaria da babesgabetasun egoeran dauden adingabeen arretan, babes figura gisa finkatutako sistema batekin, 34 urteko ibilbidea duena.
Informazio gehiago lortzeko familiaharrera@gipuzkoa.eus helbide elektronikora idatzi edo 943-11 25 22 zenbakira deitu behar da.