'Blue Giant' anime filma estreinatuko dute bihar Jazzineman
Euskadiko jazzaldiekin batera urtero antolatzen den Jazzinema jaialdian, Blue Giant (Yuzuru Tachikawa, 2023) estreinatuko dute. Proiekzioa Tabakalerako Zine 1 aretoan izango da, bihar (hilaren 28), 19:00etan. Proiekzioa japonierazko jatorrizko bertsioan izango da, gaztelaniazko azpitituluekin. Sarrerak dagoeneko Tabakalerako webgunean erosi daitezke, 4 euroan.
Blue Giant filma izenburu bereko manga komikian oinarrituta dago eta bere protagonista Miyamoto Dai da, egun batean zuzeneko jazz saio batera joaten den institutuko saskibaloi jokalari ohia. Erabaki honek bere bizitza aldatuko du, eta saxofoian aritzea erabakiko du. Tachikawak Mob Psycho 100 eta Death Parade animaziozko telesail animeak eta Detective Conan: The Black Iron Submarine filma ere zuzendu ditu. Blue Giant flima Japonian estreinatu zen 2023ko otsailaren 17an, eta joan den ekainean Annecy 2023ko Animazio Zinemaren Nazioarteko Jaialdian parte hartu zuen. Jazzinemako aurrestreinaldia ondoren, urrian iritsiko da areto komertzialetara SelectaVisionen eskutik.