Ez dira debekatuko udal festa egutegiaz kanpoko herri bazkariak
Uztail erdialdean egin zuen publiko EH Bilduk udalak festa egutegiaz kanpo antolatzen diren herri bazkariei debekua ezarri nahi ziela. Zehazki, azkenaldian gisa horretako eskaerak Gune Publikoan egiterakoan agertzen zen ohar berri bati egiten zion erreferentzia koalizioak, ulertzen baitzen 2024tik aurrera udalaren festa egutegiaz kanpo ezingo zirela herri bazkariak antolatu —zehazki, honakoa zioen oharrak: “Ordezkaritza honen izapidea jarraituz, 2024tik aurrera ez dira udal festa egutegiaz kanpo dauden herri bazkariak bide publikoan baimenduko”—.
Gainera, EH Bilduko Garbiñe Alkiza Lopez de Samaniegok kritikatu du udalak adierazi ziola “erabaki tekniko bat izan zela” hori txertatzea, “baimen eskaera ugari jasotzen ari zirelako”. “Ez da bidezkoa kudeaketa txar baten ondorioa auzoetako eragileek pairatzea”, esan du Alkiza Lopez de Samaniegok.
Beraz, gaurko udalbatzarrean mozioa aurkeztu du EH Bilduk, erabaki horretan atzera egiteko eskatuz. PSE-EEko Carlos Garciak onartu du “ez dela komunikazio egokia egin” gai horren inguruan, eta zehaztu du “ez dela erabaki politikorik egon” gisa horretako bazkariak debekatzeko. Hortaz, herri bazkariak udal festa egutegiaz kanpo antolatzen jarraitu ahalko dira, “eskaera behar bezala beteta badago eta baldintzak betetzen badituzte, beti ere”.
Mozioa aurrera atera da PP ez beste alderdi politikoen babesarekin. EH Bilduk egindako “akatsa” zuzentzea eskertu du, eta eskaera berrietan agertzen den oharra ezabatzea eskatu du.