Udalak La Cumbreren lagapen eskaera egin du
Eneko Goiak udalbatzarrean baieztatu duenez, La Cumbreren lagapena egikaritzeko beharrezkoa zen eskaera ofiziala egin du. Hilabete honen erdialdean EH Bilduk “utzikeria” leporatu zion alkateari gai honetan, eta 2022ko urrian Espainiako Gobernuarekin lortutako akordioa arriskuan jartzen ari zela salatu zuen, alkateak berak egin behar baitzuen eskaera.
EH Bilduk La Cumbreren lagapen eskaera egiteko mozio bat aurkeztu du gaurko osoko bilkuran, eta bertan eman du albistea Goiak berak. Dena den, koalizio abertzaleari leporatu dio akordioa “udalaren bizkar” egin izana, eta gogoratu du udalbatzarrak ez duela inoiz eraikin horren kudeaketa eskatu, beste eraikin batzuk ez bezala: “Pio XII.aren plazako Espainiako Gobernuaren ordezkariordetza eskatu izan bazenute, kudeaketa egingo nuke, udalbatzar honek eraikina nahi duela adierazi duelako”. La Cumbreri buruz, ordea, orain arte “txintik ere esan ez” dutela aurpegiratu die Goiak EH Bilduko zinegotziei.
Madrilekin adostutakoaren arabera, La Cumbre Estatu indarkeriaren biktima izan direnen memoria berreskuratzeko gune bihurtuko da. Horri lotuta, Goiak galdegin du ea Donostiako Udalak hartu behar duen gisa horretako proiektua aurrera eramateko ardura, “200 metrora eduki berdina jorratzen duen proiektu bat izanda”, Aieteko Bakearen eta Giza Eskubideen Etxeari erreferentzia eginez.