Azken sexu erasoak gaitzetsi dituzte udal talde guztiek
Donostiako Udalak erakunde adierazpen bat onartu, pasa den larunbatean hirian gertatutako sexu erasoen harira. Adierazpenean “erabateko irmotasunez gaitzesten” dute bi emakumek jasandako erasoa. Era berean, “babesa eta elkartasuna” adierazten diete eraso “tamalgarri” hauen biktimei, baita bere familiei eta hurbilekoei ere. Mota honetako erasoak “indarkeria matxistaren eta genero desberdintasuneko jarreren adierazpenik higuingarrienak dira”, adierazpenean irakur daitekeenez.
Udal talde guztiek elkarretaratzea egin dute gaur 13:00etan Alderi Ederren.
Gertaera
Pasa den larunbat goizean, uztailaren 22an, 24 eta 26 urteko bi emakumek Udaltzaingoaren patruila bat gelditu zuten Erdialdean, eta gizon batek eraso ziela adierazi zioten. Une horretan, Udaltzaingoak sexu erasoen protokoloa aktibatu zuen, eta ustezko egilea bilatzeko ikerketa abiatu zuen. Udaltzaingoaren hiri segurtasun agenteek uztailaren 22ko arratsaldean 25 eta 30 urte bitarteko gizon bat atxilotu zuten, ustezko egilea izatea leporatuta.
Atxilotua Udaltzaingoaren Morlansko polizia etxera eraman zuten, eta epailaren esku utzi zuten astelehenean, uztailaren 24an. Epaileak espetxera bidali zuen gizona.