Getxoko eta Santurtziko banderaren lehian ariko dira arraunlariak asteburuan
Arraun denboraldiaren bigarren zatiarekin hasteko, Euskotren eta Euskolabel ligak Getxon eta Santurtzin jokatuko dira. Larunbatean, Getxoko kirol portuaren pareko estropada eremuan lehiatuko dira arraunlariak, iaz estreinatutako estropada eremua errepikatuz. Santurtziko bandera, aldiz, igandean jokatuko dute, eta estropada hau berezia izango da neskentzat, ziaboga gehiago eman beharko dituztelako. Arraun Lagunak eta Urdaibai liderrak dira, baina, puntu gutxiko aldea dute bigarren sailkatuarekiko. Hortaz, bi estropada hauetan akats gutxien egiten duenak irabaziko du.
Larunbatean, Euskotren ligako traineruak berriro ere lehiatuko dira, aurreko asteburuko atsedenaldiaren ostean. Ligako beheko postuak nahiko zehaztuta egon arren, goialdean sekulako lehia dago Donostiarra, Tolosaldea, Orio eta liderra den Arraun Lagunaken artean. Oraindik ere liga amaitzeko zortzi jardunaldi falta diren honetan, asteburuko bi estropadak oso garrantzitsuak izango dira. Arraun Lagunak liderra da 36 punturekin, Oriok baino hiru gehiago.
Euskolabel ligari dagokionez, Urdaibai sailkapeneko lehenengo postuan dago 76 punturekin, Hondarribiari puntu bakarra aterata. Aurreko asteburuko bi estropadak bizkaitarrentzat izan ziren, baina Hondarribiko berdeak oraindik ere lehenengo postuaren bila dabiltza. Zierbenak ere, orain arte ez du jardunaldi apalik egin, eta astebururo sekulako maila erakusten ari da. Sailkapenean, hirugarrenak dira 72 punturekin.
Igandean, arraunlariak Santurtzin izango dira. Estropada eremu honetan, mutilek nesken moduan hiru ziaboga eman beharko dituzte. Txandak osatzeko larunbatean Getxon egindako denborak kontuan hartuko dituzte. Bi estropada hauek ez dira itsaso zabalean jokatuko, eta olatuek ez dute garrantzi handirik izango. Hala ere, haizearen eta korronteen indarragatik, txanda batetik bestera denbora alde handiak egon daitezke. Lehia biziko asteburua dugu aurretik.