Goitibeherak Loiolako kaleetara bueltan
Loiola jaietan murgilduko da gaur arratsaldean, eta uztailaren 31n iltzearen ehorzketarekin eta banderaren jaitsierarekin emango diete amaiera jaiei. Bitartean, egitarau oparoa dute aurretik auzotarrek.

Loiolako jaiei gaur arratsaldean emango diete hasiera ofiziala, nahiz eta atzo eta herenegun ere jaien aurreko hainbat jarduera antolatu dituzten auzoan. Batelen herri estropadarekin hasiko da gaurko egitaraua, eta ondoren lehertuko da festa, txupinazoarekin, iltzearen igotzearekin eta globotarekin. Jai batzordeak urtarriletik darama egitaraua lotzen, eta antolakuntzari dagokionez, ederki moldatu direla azaldu du Nagore Garmendiak, Loiolako jai batzordeko kideak. “Normalean, aurreko urteetako egitaraua jarraitzen dugu, eta badaude urtero errepikatzen ditugun hainbat jarduera. Adibidez, haurren jolasak beti izaten dira berdinak, ondo funtzionatzen dutelako. Kontzertuak aldatu egiten ditugu, baina orokorrean eskema berdina jarraitzen dugu”, adierazi du Garmendiak.
Hain zuzen ere, kontzertuak dira lotuta uzten duten lehen gauza. Gaur, Alargun Beltzak, Bad Sound System eta Iñaki DJ-a igoko dira Latsarien plazako oholtzara. Bihar, Igeltegin Tibetan Clan, Cano DJ-a eta Pablo DJ-a izango dira, eta Latsarien plazan Laiotz eta Alai DJ-a arituko dira. Etzi, igandea, Loiolako festetan ohikoa den Mikeltxi DJ-ak girotuko du gaua, 22:00etatik 04:00etara. “Igandea da jaietako egunik indartsuena, eta Mikeltxi DJ-aren saioa izaten dugu beti. Abesti dantzagarriak jartzen ditu, eta txosnan alkohol guztia amaitzen da egun horretan”, aitortu du jai batzordeko kideak, barrez.
Gotibeherak, bueltan
Aurtengo berritasun gisa, goitibeherak antolatu dituzte uztailaren 31rako, jaietako azken egunerako. Garai batean antolatzen zituzten, baina aspaldian ez zuten horrelakorik egiten auzoan. “Aurten, jai batzordeko batzuei bururatu zitzaien ideia ona zela jarduera hori berreskuratzea, eta antolatzea erabaki genuen”, azaldu du. Hamaika pertsonek eman dute izena, eta bi txanda egingo dituzte, barkarkakoa eta taldekakoa. Bakoitzak bere goitibehera prestatuko du, ondoren, Zuzenene kaletik Loiolako zeharbidera jaisteko.
Jaietako egitarauak eta zapian auzoko hainbat establezimendutan daude salgai, eta aurten, kamisetak eta poltsak ere egin dituzte, asteleheneko bertso saioa ordaintzeko. Azken horiek, Puntutanen dendan eskuratu daitezke (Loiolatarra kalea, 9).