«Helburua liga irabaztea da»
Irati Elejalde eta Xubane Uribarrena, Arraun Lagunakeko arraunlariak. (Argazkia: Gorka Correyero) Denboraldi hasiera bikaina izan dute Donostia Arraun Lagunakeko neskek. Neguan entrenatzeko izan zituzten gorabehereengatik, ez zuten imajinatzen emaitza positiboak hain goiz helduko zirenik. Aurtengo traineruan gazteek zeresan handia izan dute, eta beteranoei laguntzeko prest daude.
Zer moduz joan da denboraldi hasiera?
Irati Elejalde (I.E.): Oraingoz ondo, denboraldia hastea eta lider izatea oso positiboa da taldearentzat.
Xubane Uribarrena (X.U.): Nik uste dut oso pozik gaudela, gehienbat guregatik, jendeak ez zuelako esperantzarik. Inork ez zuen espero gauden tokian egongo ginela, eta azkenean, ligako lehenengo hiru astetan lidergoa mantentzea lortu dugu. Alde horretatik oso pozik gaude. Egia da beti nahi ditugula bandera gehiago, baina azkenean garrantzitsuena maillot hori da, eta hori mantentzeko entrenatzen jarraituko dugu.
Lehenengo postuan egoteak presio handiagoa eragin dizue?
X.U.: Nik uste dut talde gisa ez daukagula presiorik. Kontziente ginen prestaketaren aldetik, lidergoa ez zela horren goiz iritsiko. Ez gintuen sorpresaz harrapatu, horretarako entrenatu dugulako. Lider izateak gogo handiz entrenatzea ekarri digu, liderraren maillota denbora luzez mantentzeko. Ni egoera horretan egondakoa naiz, baina jende berriarentzat esperientzia hau izatea oso aberasgarria da.
Irati, gaztea eta berria izanik, nola bizi duzu egoera hau?
I.E.: Plazer bat da beraiekin egotea. Arraunean hasi eta lehenengo estropadatik lider izatea izugarrizko esperientzia da. Gainera, talde honekin. Hau da nire laugarren urtean klubean, eta oso azkarra izan da goi mailako talderako saltoa. Entrenamenduen aldetik, ordu gehiago sartu behar ditut, eta askoz gogorragoa da. Iazko denboraldia ez nuen aurtengoa bezain serio hartu [barrez].
Neguan espero zenuten horrelako denboraldi hasiera izatea?
X.U.: Lehen esan bezala, negu oso gogorra eduki dugu, eta eskerrak harrobitik igo diren gazteei. Aurreko urteetan lortutako emaitzak errepikatzea pentsatzen prestatu ginen. Orain, hasi gara lortutako emaitza horiek baloratzen, esaterako, iaz lortutako ligako bigarren postua. Pixka bat erreta edo nekatuta geunden. Gainera, neguan jendez oso justu ginenez, negua zaila izango zela zirudien. Eskerrak igo diren gazteen ilusioari, egoera zaila ikusten baikenuen. Uda gerturatzen joan den heinean, sinestarazi digute gure prestakuntza ez zegoela txapelketetarako prest, baina ligan emaitzak iritsiko zirela argi genuen. Eta hasieratik iritsi dira. Aspektu horretan psikologikoki lasai gaude, badakigulako lan handia egin dugula. Espero dugu hurrengo estropadetan orain arte lortutakoari jarraipen bat ematea.
Nola aurreikusten dituzue hurrengo estropadak?
X.U.: Helburua irabaztea da, eta ez badugu irabazten, ahalik eta puntu gutxien galtzea. Lehenengo asteburutik azkenera, lider izaten iritsi nahi dugu. Gure helburua da abuztuaren 20an Euskotreneko txalupara igotzea, eta trofeoa eskuetan izatea. Ordura arte, bandera gehiago irabaztera aterako gara.
Orain arteko estropadetan ikusi den moduan, puntu gutxien galtzen dituenak irabazten du.
X.U.: Guri irabaztea tokatu zaigu, eta gero ez galtzea. Zierbenan hirugarren egin genuen ehuneko gutxirengatik, eta kasu horretan puntu bat galdu genuen. Coruñan, gure arerio zuzenei lau puntu atera genizkien. Liga irabazten badugu, abuztu bukaeran horrelako estropadetaz eta horrelako puntuetaz gogoratuko gara. Aldiz, irabazten ez dugunean beti izan behar dugu helburu, ahalik eta puntu gutxien galtzea.
Coruñan bandera irabaztea lortu zenuten, baina bi jardunaldietara izan beharrean, soilik igandean aritu zineten. Nola gogoratzen duzue lehen estropada hori?
X.U.: Bosgarren urtea da Coruñara goazela. Beti esan dugu egunen batean zerbait pasatuko dela, eta lelo aurpegiarekin geldituko garela, Galiziaraino etorriko garelako eta ez dugulako arraunik egingo. Larunbatean ikusi zen hori gertatzeko arriskua zegoela. Estropada eremua ikusteko paseo bat emateko ohitura daukagu beti. Beste urteetan, estropada markatzen duten uretako hesiak eta semaforoak jarrita egon dira beti goizetik. Iritsi ginenean eta ikusi genuenean horiek falta zirela, susmo txarra hartu genion estropadari. Olatuek oso gertu jotzen zuten eta oso handiak ziren. Denak bueltaka ibili ginen. Kasualitatez, senitarteko batzuk etorri ziren estropada ikustera eta komentatu ziguten telebistan esan zutela, bertan behera uzteko arriskua zegoela. Honaino etorrita pentsatu genuen zaila zela bertan behera geratzea. Azkenean, bertan behera utzi zuten, eta taldean oso zentratuta geunden, bai estropada egin behar genuenak, eta baita kanpoan gelditu zirenak ere. Erabaki horrek nire ustez ez zuen bestelako urduritasuna eragin. Aurreko prestaketa da aldatzen duena: kafeina hartu, masajeak, eta abar.
Igandean, aldiz, oso polita izan zen beste txanda batean aterata bandera irabaztea. Nik, pertsonalki, ezin ditut besteen estropadak ikusi, denborekin oso urduri jartzen naizelako. Hondartzako izkina batean zain geunden. Familiakoak ikusten genituen arroketan banderekin, eta kanpoan geratu zirenak hondartzan, taldea babesten. Mundu guztia buruarekin baietz esaten ari zen, baina sinestea kostatu zitzaigun. Are gehiago, arerio zuzenei puntuak atera genizkiela kontuan hartuta. Oso berezia izan zen. Coruñakoa nahiko gurutzatuta genuen, beste urteetan emaitzek ez digutelako lagundu. Gazteei esaten diegu Coruñako estropada infernu bat dela, eta horregatik, bertan emaitza positiboak lortzea garrantzitsua izan zen taldearentzat.
Klubeko gazteek nola ikusten duzue estropada hau hurrengo urteei begira? Motibatuagoak sentitzen zarete?
I.E.: Bai. Sartu nintzenean, ikusi nuen duela bi urte irabazi zutela, baina aurrekoan ez. Motibazio handiarekin sartu nintzen taldean, eta ahal dudanean laguntzeko prest nago. Gainera, ondoan ditudanak izugarrizko arraunlariak dira, eta beraiek bezala izateko asko motibatzen naute. Aurrera jarraitzeko sekulako gogoa daukat.
Estropadak kanpotik ikusteak frustrazioa sentiarazten dizu?
I.E.: Ez, lehenengo urtea izanda banekien kanpoan geldituko nintzela. Hala ere, ilusio handia daukat. Iaz, aurten hor egongo nintzela argi nuen, eta orain taldekoa izanda gogo handiagoa dut. Hurrengo batean, horietako bat ni izango naizela jakiteak asko pozten nau. Beteranoek asko lagundu didate pausu hau ematen.
Nola aurreikusten dituzue biharko eta etziko Getxoko eta Santurtziko banderak?
X.U.: Taldea oso motibatuta dago astebururako. Getxokoa eta Santurtzikoa antzeko estropadak dira, biak ibaian baitira. Santurtzin hiru ziaboga daude. Estropada hau oso modu desberdinean enfokatu behar dugu, baina taldeak konfiantza handia du horrelako estropada eremuetan. Hazi egiten gara talde gisa, eta gogotsu gaude.
Bukatzeko, liga eta Kontxa berriz ere irabaztearekin amesten duzue?
X.U.: Bai, gainera, beti esaten dudan moduan, liga irabaztearen zalea naiz. Nahitaez liga irabazi nahi dut, eta Kontxa ere irabazten badugu, hobe. Badakit Kontxa irabazten ez badugu buruari bueltak ematen arituko naizela. 2021ean biak irabazi genituen, baina publikorik gabe izan zenez, pixka bat tristea izan zen. Horregatik, gustatuko litzaiguke publikoarekin irabaztea, eta arraunlariaren benetako esentzia hori bizitzea, jende berriak ere hori bizitzeko aukera izan dezan. Kontxan gure lana egingo dugu, onena erakutsi eta hor baldin bagaude, bi igandeetan banderagatik borrokatuko dugu.
I.E.: Donostiarra izanda, Kontxa irabazteak izugarrizko ilusioa sorrarazten dit. Familiak geroz eta gehiago ikusten du arrauna, eta aurtengoari begira asko animatzen nau. Kontxa gurea dela esaten didate. Horrek gehiago motibatzen nau.
