«Inoizko Aste Nagusi inklusiboena» prest du udalak
Doako 312 jarduerak osatzen dute egitaraua, horietatik 102 desgaitasunen bat duten pertsonentzat egokituta.
Gaur goizean aurkeztu du udalak Aste Nagusirako prestatu duen egitaraua. Abuztuaren 12an hasiko dira festak, 19:00etan kanoikada botatzearekin batera. Eneko Goia alkatearen arabera, “inoizko inklusiboenak” izango dira. Izan ere, aurten Aspacek eta Gipuzkoako Argazkilari Elkarteak jaurtiko dute kanoikada. Gainera, prestatu dituzten doako 312 jardueretatik 102 desgaitasunen bat duten pertsonentzat egokituta egongo dira, eta abuztuaren 11n, 16an, 18an eta 21ean, 16:30etik 18:30era, atrakzioek ez dute musikarik izango, autismoa duten pertsonek ere horietaz gozatu ahal dezaten.
Jon Insausti Maisterrena Kultur zinegotziak jai “berdinzaleak, autentikoak eta dibertigarriak” aldarrikatu ditu. Insaustik aipatu du urtero saiatzen direla berritasun bat txertatzen, eta aurten Urumea ibaian jarri nahi izan dute arreta: “Ohituta gaude hiritik ibaira begiratzen, baina aurtengo Aste Nagusian ibaitik hirira begiratuko dugu”. Abuztuaren 13an, 16an, 17an, 18an bisita gidatuak egingo dira Urumean zehar, eta abuztuaren 19an pedalontzi karrusela egingo da.
Su artifizialak, lehiaketa gastronomikoak, kontzertuak… Antolatzaileen arabera, “adin eta gustu guztietarako” jarduerak egongo dira aste osoan zehar, harik eta abuztuaren 19an jaiak amaituko diren arte. Egitarau osoa hemen kontsulta daiteke.