«Kirolaz gain, kultur ukitua eman diogu»
Altzako hainbat bizilagunek Txirrita Mendi Lasterketa antolatu dute auzoan, lehenengoz. Abuztuaren 6an, izango da, 09:30ean, eta 16,6 kilometroko ibilbidea egingo dute korrikalariek.
Altzako hainbat bizilagunek Txirrita Mendi Lasterketa antolatu dute auzoan, lehenengoz. Abuztuaren 6an, izango da, 09:30ean, eta 16,6 kilometroko ibilbidea egingo dute korrikalariek. Kirola egiteaz gain, Altzako historia eta kultura sustatu nahi dute antolatzaileek, parte hartzen duenak bertako baserrien, mendi tontorren eta erreken izenak ikas ditzan. Jon Alkiza (Altza, 2003) antolatzaileetako bat da, eta berak eman digu lasterketaren berri.
Lehen aldiz antolatu duzue Txirrita Mendi Lasterketa. Zein ibilbide izango du?
San Martzial plazatik abiatuko gara, Altzako eliza dagoen plazatik, hain justu. Hortik Altzako baserrietarantz joango gara, Artxipi eta Txurdiñene inguruko bidetik. Hortik, San Marko eta Txoritokieta inguruko basoa eta erreka zeharkatuko ditugu. Aldapa gora hasten da inguru horretan, eta gero, behera egiten du. Saguene errekatik sartuko gara jarraian, eta lehenengo tontorra Txoritokietakoa izango da, ia zortzigarren kilometroan. Txoritokietako gotorlekura iritsi ondoren, zuzenean, trikuharrietara jaitsiko gara, eta trikuharriak inguratuko ditugu. Hortik, Bordazar baserriaren ondoko bide batera jaitsiko gara, eta bide horretatik hartuko dugu San Markora zuzenean igotzen den pista zati bat, eta San Markora igoko gara. Esan beharra dago, San Marko igo baino lehen Kutarro tontorretik pasako garela, guretzat ezaguna dena, baina kanpoko jendeak ezagutzen ez duena. Tontor polita iruditzen zaigu lasterketarako, eta hortik igoko gara San Markora. Han, gotorlekua inguratuko dugu, eta ostean, Altza ingurura jaitsiko gara. Lauhaizeta ingurutik berriro Altzako plazara joango gara, eta horrela bukatuko da ibilbide zirkularra.
16,6 kilometroko bidea da. Erraz egin daiteke?
Esperientziadun jendea egongo da, eta korrikalari horientzat lasterketa oso azkarra izango da. Ia 17 kilometro dira, eta 700 metro inguruko desnibel positiboa du. Beraz, korrika ibiltzen denak oso azkar egingo du. Hasiberrientzat edo fisikoki oso prest ez dagoen jendearentzat ez da oso lasterketa azkarra izango aldapetan sufritu egin dezaketelako, baina, hala ere, nik esango nuke hasiberri batentzat oso ibilbide egokia dela. Izan ere, kilometro kopuruari dagokionez, asko direla dirudi, baina hiru orduko muga jarri dugu, oso zabala.
Kirolaz gain, Altzako historia eta kultura ere sustatu nahi dituzue lasterketaren bidez.
Hasiera batean, lasterketa soil bat antolatu nahi nuen, izan ere, entrenatzen aritzen naiz horrelako lasterketetarako. Duela bizpahiru urte etxe inguruan entrenatzen hasi nintzen, ibilbidea gure etxe ondotik pasatzen delako. Lasterketako antzeko ibilbidea egiten nuen beti, eta hainbat lasterketatan izena eman ondoren, aitari esan nion etxe inguruan horrelako ibilbide bat edukita, pena zela lasterketarik ez existitzea, eta zerbait egin behar genuela. Aurten erabaki dugu ezinbestean egin behar dugula, eta hasieran, lasterketa herrikoi bat izatea nahi genuen, antolakuntzan soilik bost lagun gaudelako. Hala ere, lasterketa herrikoia izan behar zena handitu egin da, eta kirol kutsuaz gain, kultur ukitua ere eman diogu. Nire aita baserritarra izanik, Altzako baserri guztien izenak ezagutarazi nahi ditugu, kanpoko jendea ez geratzeko soilik 16,6 kilometro horiekin, baizik eta inguruarekin ere bai.
Zergatik jarri diozue Txirrita Mendi Lasterketa izena?
Hasiera batean, Altzako Mendi Lasterketa izango litzateke, baina nire aitak kutsu kulturala eman nahi zionez eta bertsozalea denez, Txirrita izena bururatu zitzaion. Izan ere, Txirritak Altzarekin lotura handia izan du, bere azken urteak Gazteluene baserrian bizi izan zituelako. Gazteluene Altzako baserri bat da, eta ibilbidea hortik pasatzen zenez, aitzakia horrekin erabaki genuen izen hori jartzea. Izen original bat lortu nahi genuen.
Antolatu izan al dituzte inoiz horrelako lasterketak Altzan?
Esango nuke Altzan bertan sekula ez dela horrelakorik antolatu. Agian mendi martxaren bat bai, baina badakit lasterketa bat ez dutela inoiz antolatu. Ibilbide horretatik badago lasterketa bat, baina ez du ospe handirik.
Uztailaren 22an ibilbide bat egin zenuten lasterketa nolakoa izango den ezagutarazteko. Zer moduz joan zen?
Beste lasterketa batzuetan egiten den bezala, joan den larunbatean topaketa moduko bat egin genuen izena eman duten pertsonek ezezaguna zen ibilbide hori ezagutzeko. 10:00etan geratu ginen Altzako plazan, eta ibilbide osoa egin genuen, bakoitzak bere erritmora.
Izen ematea ez dago itxita oraindik. Zenbat parte hartzaile daude dagoeneko?
Hasieran, izen ematea zabaldu genuenean, nahiko motel joan zen jendea animatzen. Ordea, azken hilabete honetan, sekulako gorakada egon da izen ematean, eta orain, 145 [elkarrizketa astelehenean egin zen] korrikalari ditugu. Hala ere, pentsatzen dugu 160-180 ingurura iritsiko garela, oraindik bi aste falta direlako eta badakigulako jende asko azken orduan animatzen dela.
Nola moldatu zarete guztia prestatzeko?
Ibilbidea pentsatuta zegoen hasieratik, nahiz eta aldaketa batzuk egin behar izan ditugun lursail pribatuak direla eta. Antolakuntzari dagokionez, otsaila edo martxoa inguruan Altzako sei bat pertsona elkartu ginen eta bilera txiki batzuk egiten hasi ginen. Beste eragile batzuen laguntza ere izan dugu, adibidez, ni Herri Ametsa ikastolako ikasle ohia izanik, eta beraiek Ulia inguruan lasterketa bat antolatzen dutela jakinda, harremanetan jarri ginen beraiekin, eta haiei esker kontaktu batzuk lortu ditugu. Azken finean, herrigintzan aritu gara elkarri laguntzen, eta herriko jende asko mugiarazi dugu babesleak eta laguntzaileak lortzeko.
Dortsalak non eta noiz jaso ahal izango dituzte parte hartzaileek?
Izen ematea Kronoak.com edo Txirritamendilasterketa.eus webguneen bidez egin daiteke. Abuztuaren 6an, lasterketa 09:30ean hasiko da, eta ordu eta erdi lehenago Altzako elizaren ondoan mahai bat jarriko dugu dortsalak banatzeko. Agian, egun bat lehenago ere jaso ahal izango dira, baina hori zehazteke dugu oraindik.
Zozketak ere egingo dituzue. Zer zozkatuko da?
Herri Ametsak antolatzen duen lasterketan ikusi dugu zein laguntzaile zituzten, eta beraiei esker jarri gara harremanetan laguntzaile eta enpresa batzuekin. Azkenean, lortu dugu La Perlara joateko sarrera bikoitza zozkatzea, eta Onddo eta punto etxeak ere lagundu digu. IRUTXULOKO HITZAk ere hainbat dortsal zozkatuko ditu. Zozketak izango ditugu, baina jendeak ez dezala pentsa sekulako sariak egongo direnik, lehen edizioa izanik, ahal izan duguna lortu dugulako.
Lasterketaren ostean, egitarauak jarraitu egingo du. Zein da plana?
Bull DJ-ak plaza alaituko du lasterketa hasten den unetik, eta korrikalariak helmugara iristen ari diren heinean, hamaiketako bat egingo dugu Nao tabernaren eskutik. Ondoren, Bull DJ-a lekuz mugituko da helmuga dagoen tokira, eta plana izango da jendea bertan geratzea arratsalde pasa, musikaz gozatzen.
Gogotsu zaudete, beraz.
Bai, eta eskerrak eman nahi dizkiegu babesle eta laguntzaile guztiei, lehenengo edizioa izanik ere, saltoki eta enpresa txikiek konfiantza izan dutelako gugan.