Klasikoak zirkulazio aldaketak eragingo ditu hirian
Donostiako Klasikoa dela eta, Erdialdeko kale nagusiak moztuta egongo dira, gaurtik bihar arratsaldera arte. Lasterketak aldaketa ugari eragingo ditu hirian, eta Bulebarra dagoeneko itxita dago bihar 20:00ak arte. Lasterketa 10:53tan hasi eta 17:10 inguruan amaituko da Bulebarreko helmugan. Lasterketa bihar den arren, gaur eta bihar, Parte Zaharreko eta kaiko bizilagunek zirkulazio aldaketak izango dituzte autoarekin sartzeko.
Bihar, lasterketak igarotzen dituen bide guztiak itxita mantenduko dira, ordu tarte jakinetan. Goizean, irteeraren eraginez, 9:30etatik 11:30etara Kolon pasealekutik eta Askatasunaren hiribidetik Bulebarreraino, arratsaldean, aldiz, mozketak 14:30etik 17:30era arte izango dira aipatutako kaleetan. Arratsaldeko aldaketek, Altza, Bidebieta, Ategorrieta, Gros, Erdialdea eta Antigua auzoetan eragina izango dute. Erdialdeko aparkalekuen sarrerak eta irteerak gaurtik hasita, ordu jakinetan itxita mantenduko dira.
Bestalde, Igeldoko igoerak, Igaratik eta Antiguatik, 10:30etatik aurrera itxiko dituzte. Auzotarrek, kanpineko bezeroek eta jatetxeetan eta hoteletan lekua gordeta dutela egiaztatzen dutenek baimena izango dute igotzeko eta jaisteko, 14:30ak arte. DBUSek ere aldaketak izango ditu, hiriko zenbait zerbitzutan.