Hegoaldeko zuhaitz igelaren Igarako putzua hustu dute
Hegoaldeko zuhaitz igelarentzat duela hainbat urte Igarako industriagunean eraikitako putzu bat hustu egin du norbaitek, udaleko iturriek baieztatu dutenez. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Saileko langileak eta Donostiako Udaltzaingoa joan dira putzura, eta udaltzainek atzeman dute putzuko hustubidea manipulatuta zegoela; hau da, norbaitek nahita hustu du putzua.
Igel espezie hori ugalketa garaian dago orain, beraz, foru aldundiko adituak ikertzen ari dira hustuketak zer eragin izan duen putzu horretako igelen ugalketan. Halaber, udaleko iturriek azaldu dutenez, Udaltzaingoa gertatutakoa ikertzen hasi da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Sailak salaketa jarriko du, hustuketa ingurumenaren aurkako delitu bat izan daitekeelako.
Espezie berezia
Hegoaldeko zuhaitz igela Donostiako ikurretako bat da, eta, besteak beste, Dbus autobus konpainiaren logoan dago. Igeldo inguruan bizi dira igeltxo horiek, eta duela 25 urte baino gehiago, Haritzalde Naturzaleen Elkartea igelaren defentsan hasi zen, XX. mendearen bukaeran inguruko putzu ugari desagertu zirelako. Ibaetako Gurelesa enpresaren ondoko urtegian igeltxoaren populazioaren %85 zegoen, eta hiriko ugaltoki bakarra zen. 1990eko hamarkadaren bukaeran, “Gurelesak industrialde bat eraiki nahi zuen urtegiaren lekuan, Iparlat Urnietara mugitu behar zelako. Gurelesak alboan zuen urtegia erabiltzen ez zuenez, gainean eraiki nahi zuen industrialdea. Nahiz eta babes mailarik altuena izan, ez zuten errespetatu nahi”, azaldu zion hedabide honi Haritzaldeko Aitziber Egañak iaz, elkartearen 30. urteurrenaren harira egindako erreportajean.
Haritzalde igela babesteko borrokan hasi zen, eta 2001ean Haritzalde, Aranzadi, enpresa eta Gipuzkoako Foru Aldundia akordio batera iritsi ziren, espeziearen kudeaketa plana garatzeko. Horrela, putzu sare bat garatu zuten, tartean Igarako putzu hori; putzu gehienak, hala ere, mendi zonatan daude, hala nola, Igeldon eta Ulian.
Tarteka, foru aldundiko adituek Igarako putzua garbitzeko husten dute, badagoelako arrainak eta dortokak bota ohi dituen jendea, igelen ugalketa eta kontserbazioa zailduz. Oraingoan, ordea, ez dute adituek hustu, ezezagun batzuek baizik.