Ondarretako Tenisa ez lekualdatzeko errekurtsoa jarriko du udalak
Tokiko Gobernu Batzordeak Ondarretako Teniseko kirol instalazioak dauden lekuan mantentzeko errekurtsoa jartzea onartu du. Instalazioei 2018an bukatu zitzaien Espainiar Estatuak emandako kontzesioa, eta egun indarrean dagoen Kosta Legeak beste edonon eraiki ezin daitezkeen azpiegiturak bakarrik baimentzen ditu eremu horretan.
Hala ere, udal gobernuak kontzesio horren luzapena lortu nahi du, hirian instalazio horiek lekualdatzeko gune laurik ez dagoela argudiatuta, besteak beste. Gobernuak luzapenaren eskaera aurkeztu zuen, baina Espainiako Gobernuaren erantzun ezak eraman du Auzitegi Nazionalean errekurtsoa jartzera, eskaera atzera bota dutela ulertzen baitu.