PSE-EEk Lagun liburu denda omenduko du
PSE-EEk bihar (hilaren 3an) omenaldi bat egingo dio Erdialdeko historia handiko Lagun liburu dendari, 19:30ean. Pasa den hilabetean, liburu denda hemendik gutxira itxiko dutela iragarri zuten. PSE-EEk egingo dion omenaldiarekin batera, Mario Onaindia fundazioak argitaratzen duen Grand Place aldizkariaren azken alea aurkeztuko dute. Marisol Garmendia PSE-EEko bozeramaileak azaldu duenez, “Lagun liburu denda erreferente kulturala, askatasunaren eta terrorismoaren aurkako erresistentzia demokratikoaren ikurra da”.
1968. urtean sortu zen Lagun, Parte Zaharreko Plaza Berrian, Maria Teresa Castellsen (1935-2017) ekimenez. Liburu denda ezaguna da, besteak beste, frankismoan zentsura jasan zuelako, eta 1990eko hamarkadaren amaieran, kale borrokako hainbat ekintza egin zizkiotelako egoitzari. Liburu denda sinbolo bilakatu da hainbat garaitan, indarkeria politikoa sufritu zuelako.
2018an, dendaren arduraduna Ignacio Latierrok hedabide honi emandako elkarrizketa batean, 1990eko hamarkadaren amaieran jazotakoa gogoratu zuen: “Lehenengo sufritu genuen eskuin muturrekoen erasoa; bonba bat jarri ziguten. Gero, urteetan, ETAren munduaren jazarpena jasan genuen. Gogorrena 1996an izan zen, erakusleihoetako kristalak hautsi eta barrualde guztia pinturaz zikindu ziguten, eta hortik gutxira, liburu pila bat erre zizkiguten. 2000. urtean Jose Ramon Rekalde hiltzen saiatu ziren, Teresaren gizona. Momentu ikaragarriak izan ziren, eta denda lekuz aldatzea erabaki genuen”. Orduan lekualdatu zuten egungo kokalekura, Urdaneta kalera.
Omenaldian, Marisol Garmendiarekin batera, gaur egungo jabeak diren Latierroren alabak eta Castellsen alabak eta Borja Barrague aldizkariko kolaboratzailea egongo dira, eta Felipe Juaristi Grand Placeko editorea moderatzailea izango da. Omenaldirako sarrera librea izango da liburu dendaren edukiera bete arte.