San Bartolomeko Plan Berezia babestuko du udalak auzitegietan
Dendartean merkatarien elkarteak San Bartolome muinoko Plan Bereziaren aurkako helegitea jarri zuen ekainean, eta plana auzitegietan defendatzea onartu du orain Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak. San Bartolome Hirigintza Esparruko Plan Bereziaren barruan dago aipaturiko 8.000 metro koadro inguruko merkataritza zentroa eta 200 plaza inguruko aparkalekua egiteko proiektua.
Elkarteak arrazoi hauek eman zituen helegitea aurkezteko: “Batetik, partzela udalaren lurzoru ondarearen zatia da, eta ezin zaio partikular bati zuzenean saldu; aitzitik, lehiaketa publiko bidez egin behar da, legeriak ezarritakoaren arabera. Bestetik, partikularrarekin adostutako salmenta prezioa bere udal zerbitzu teknikoek kalkulatutakoa baino txikiagoa da, gutxi gorabehera 145.000 eurokoa; kopuru horri dagokion BEZa gehitu beharko litzaioke”. Izan ere, Donostiako Udalak erabaki zuen haren jabetzako partzela San Bartolome Muinoa sozietateari zuzenean saltzea.
Askotariko kritikak jaso ditu San Bartolomeko Plan Bereziak, izan ere, besteak beste, merkataritza txikiari kalte egingo liokeela eta erdiguneko zirkulazioa are gehiago zaildu lukeela deritzote hainbat eragilek eta udal taldek –EH Bildu eta Elkarrekin Podemos beti agertu dira planarekin kritiko–. Hain zuzen ere, Dendarteanek BaGera merkatarien elkartearen, Erdian Bizi eta Amara Bai auzo elkarteen eta Donostia Defendatuz koordinakundearen babesa jaso zuen.
Parkea inauguratu dute
San Bartolomerekin lotuta, izen bereko parkea inauguratu dute dagoeneko. Angel eta Pablo de la Hoz arkitektoek eta Lur Paisajistak enpresak egindako proiektua izan da parkea, eta 400.000 euro inguruko kostua izan du udalarentzat. Nekane Arzallus alkateordeak eta San Bartolome Muinoako gerente Martin Arregik parke berria bisitatu dute, eta nabarmendu dute eremu honen irekierarekin San Bartolome Gaina kaleko urbanizazioa amaitu dutela; aurreikusita dago laster Talent House II eraikina irekitzea inguru horretan.
Iaz Eneko Goia alkateak azaldu zuenez, eremu horretan egindako indusketa batzuetan komentu zaharraren elizaren baten aztarnak agertu ziren, eta aztarna horiek ere parke berriaren parte dira orain. Izan ere, parkean elizaren Gurutzadura erreplikatu dute. Parkeak hiru gune ditu: komentuaren elizaren gurutzaduraren erreplika duen eremua, kalistenia praktikatzeko eremua eta haurrentzako jolasak dituen eremua.