Erraustegia aurretratamendurik gabe aritu da lanean
GuraSOS plataformak salatu duenez, erraustegia aurretratamendurik gabe aritu da lanean ekainaren 20tik uztailaren 31ra. Hortaz, ingurumen baimena eta hondakinak kudeatzeko plana ez betetzea egozten dio plataformak Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioari (GHK).
Naiz hedabideak argitaratu duenaren arabera, GHK-k ohar bat bidali du hedabide horretara, eta erraustegia aurretratamendurik gabe lanean aritu izana onartu du. Dena den, “behin-behineko” erabakia izan dela adierazi du, “mantentze lanek” bultzatuta.
Erraustegiaren funtzionamendua bi fasetan banatzen da: aurretratamendu mekaniko-biologikoa eta balorizazio energetikoa; azken hori erraustegia bera litzateke. Lehen fase hori “nahitaezkoa” da, eta horren helburua gerora erraustuko diren hondakinak prestatzea da, ahal den materiala berreskuratuz eta erraustu behar dena lehortuz, besteak beste. Zubietako erraustegia 42 egunez egon da aurretratamendu hori egin gabe.
Ingurumenari dagokionez, egoera horrek bi ondorio kaltegarri dituela salatu du GuraSOSek: alde batetik, errauste prozesura oso material hezea eramateak lixibiatu ugari sortzen ditu; bestetik, hezetasun horrek labeen tenperatura jaistea eragiten du eta, ondorioz, airea kutsatzeko arriskua areagotzen da.
Gainera, plataformak gogoratu du Zubietako erraustegian etxeko hondakinak erraustea baimenduta dagoela, baina beti ere aurretratamendua jaso badute. Horrek Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorra (GHHKPO) ez betetzea ekarriko luke. GHK-k, ordea, defendatu du erraustegiak “zehatz-mehatz” betetzen dituela indarrean dauden arau guztiak, eta egoera horrek ez duela inolako kalterik eragin.
Uztaileko sutea
Bestalde, GuraSOSek uztailaren 4an erraustegian izan zen sutea ekarri du gogora. Plataformak dioenez, orduan foru arduradunek “ezkutatu zuten hondakinak zuzenean hobietara kontrolik eta tratamendurik gabe iristen zirela, edo, bestela esanda, erraustegia une hartan ingurumen baimenaren baldintzak urratzen ari zela”. Era berean, inguruko udalei “ekimen politikoak” egiteko deia luzatu die, “erraustegiaren gardentasun falta, funtzionamendu irregularra eta etengabeko gorabeherak” argudiatuta.