Hamasei bikote ariko dira 75. Antiguako Pilota Txapelketan
75. Antiguako Pilota Txapelketa aurkeztu dute Antiguako frontoian: 32 pilotarik hartuko dute parte, hamasei bikotetan banatuta. Emakumeak, seniorrak eta promesak lehiatuko dira, eta kategoria bakoitzeko bi bikote onenek irailaren 2ko finalean neurtuko dituzte indarrak, 11:00etan hasita.
Seniorrak eta promesak hiru bikoteko bi multzotan banatu dira, eta multzo bakoitzeko bi bikote onenek finalerdiak jokatuko dituzte. Emakumezkoetan ere bikoteka lehiatuko dira —iaz arte banaka jokatu izan dute, lau eta erdian—, eta zuzenean finalerdiekin hasiko dira. Emakumeetan Garai-Capellan, Arraiza-Mendizabal, Aldai-Oses eta Arrizabalaga-Galeano ariko dira. Gizonetan, Irribarria-Gabirondo, Lizeaga-Beloki eta Apezetxea-Landa bikoteak lehiatuko dira promesen lehenengo taldean, eta Zubizarreta-Lazkoz, Egiguren-Bernaola eta Etxeberria-Loza bikoteak bigarren taldean. Seniorren kategorian, ordea, Alberdi-Lizeaga, Fernandez-Oliden eta Senar-Lazkoz bikoteek hartuko dute parte lehenengo taldean, eta Murua-Azpiroz, De la Fuente-Peñalver eta Amiano-Apezetxea bikoteek bigarrenean.
Lehen partidak abuztuaren 8an izango dira, asteartean. Hortik aurrera, asteartero eta asteazkenero jokatuko dituzte partidak —Aste Nagusian izan ezik. Aste horretan asteazkenean eta ostegunean izango dira—. Hasierako norgehiagokak 19:00etan hasiko dira, baina finalerdietako partidak (abuztuaren 29an eta 30ean) 18:30etik aurrera izango dira, emakumezkoak ere lehian sartuko baitira.