Hiru urteko espetxe zigorra ezarri diote aldundiaren tutoretzapean zegoen haur batekin ihes egin zuen bikoteari
Urtarrilaren bukaeran, Gipuzkoako Foru Aldundiaren tutoretzapean zegoen hiru urteko haur bat bahitu zuen bere amak eta haren bikotekideak, eta otsailean atxilotu zituzten, Frantziako Estatuan. Orain, bikotea adingabeen oste delitu batengatik erruduntzat jo du Donostiako epaitegi batek, eta hiru urte eta egun bateko espetxe zigor bana ezarri die. Hasieran, hiru urteko kartzela zigorra eskatzen zuen Fiskaltzak emakumearentzat eta laukoa gizonarentzat –bahiketaren unean berak hartu zuelako haurra besotan–, baina zigor berbera ezarri diete azkenean biei. Horrez gain, Amari haurraren gaineko guraso agintea zazpi urtez eta egun batez kendu diote, eta adingabearen etxera eta hezkuntza zentrora gerturatzeko debekua ezarri diete biei, kartzela zigorra bukatu eta hamar urtez.
El Diario Vasco egunkariak sententzian jasotako informazioa argitaratu du, eta, horren arabera, bikotearen helburua ez zen haurra bahitzea, beraz, hiru urteko zigorra –delitu horrengatik minimoa– ezarri diete biei: “Adingabearen ostea aldez aurretik pentsatu gabe egin zen. Biak atzerritarrak dira, ez dute bizibide ezagunik eta baliabide kultural gutxi dituzte gertaeren larritasuna ulertzeko, eta guztiak familia gisa elkarrekin egoteko egin zuten”, dio sententziak.
Bikotekideak haurrarekin ihes egin baino bi egun lehenago, haurra aldundiaren tutoretzapean gelditu zen, “babesgabe” zegoela erabaki ostean. Urtarrilaren 29an, bikoteak haurrarekin topo egin zuen Tabakaleran, haren tutorearekin zegoela. Haurra bikotearengana joan zen negarrez, gizonak hartu egin zuen, eta jarraian Frantziako Estatura alde egin zuten. Gizonak epaiketan azaldu zuenez, haurra maite zuelako eraman zuen, eta damututa agertu zen.
Gipuzkoako Aldundiak abisua eman zion Ertzaintzari, eta bikotea Frantziako Estatura joan zela zenez hipotesi nagusia, bi helduak eta adingabea bilatzeko nazioarteko agindua eman zuten agintariek. Horrela, Marseillan (Frantzia) aurkitu eta atxilotu zituzten.