Paula Hernandezen 'Lo que el viento arrasa' filmak irekiko du Zinemaldiko Horizontes Latinos saila
Zinemaldiak Horizontes Latinos saileko filmak iragarri ditu, baita irekiera eta itxiera filmak zeintzuk izango diren zehaztu ere. Lehenengo filma, Lo que el viento arrasa (Paula Hernandez, 2023) izango da, eta 71. edizioari itxiera emateko Pedágio / Toll (Carolina Markowickz, 2023) proiektatuko dute. Bi hauez gain, Lila Aviles, Martin Benchimol, Tatiana Huezo, Guto Parente eta David Zonana zinemagileak ere Horizontes Saria eskuratzeko lehian arituko dira.
Aurtengo Horizontes Latinos sailean, Argentinan, Txilen, Mexikon eta Brasilen kokatutako hamabi istoriok parte hartuko dute, eta Latinoamerikan osorik edo partzialki ekoitziak izan dira. Honako hauek izango dira aurten Horizontes Sariaren bila arituko direnak: Lo que el viento arrasa (Maria Hernandez, 2023), Pedágio / Toll (Carolina Markowickz, 2023), Alemania (Maria Zannetti, 2023), Blondi (Dolores Fonzi, 2023), Clara se pierde en el bosque (Camila Fabbri, 2023), El castillo (Marin Benchimol, 2023), El eco (Tatiana Huezo, 2023), Estranho caminho (Guto Parente, 2023), Heroico (David Zozana, 2023), Los colonos (Felipe Galvez, 2023), Los impactados (Lucia Puenzo, 2023) eta Tótem (Lila Aviles, 2023).
Lan hauen artean, Zinemaldiko Zinema Eraikitzen saileko azken edizioan saritutakoak daude, alegia, El castillo eta Alemania filmak. Zinema Eraikitzen saila Latinoamerikako zinema ekoizpena babesteko asmoz sortu zen, postprodukzio fasean zeuden filmak bukatzen laguntzeko.