Rotterdamgo Orkestra Filarmonikoak emango die gaur hasiera Hamabostaldiko zikloei
Gaur (hilak 3) hasi da 84. Musika Hamabostaldia. Asteartean aurkeztu zuten aurtengo edizioa, eta doako lau kontzerturekin eta Zorroagako eta Aldakoneako zahar etxeetan kontzertu banarekin eman diote hasiera antolatzaileek. Zikloak ere gaur bertan hasiko dira, eta Rotterdamgo Orkestra Filarmonikoa izango da taularatzen lehena, Pablo Ferrandez biolontxelistarekin batera. Kontzertua 20:00etan izango da, Kursaalen. Bihar ere orkestra bera arituko da, baina kasu honetan Donostiako Orfeoiak lagunduta, Beethovenen bederatzigarren sinfonia ospetsua interpretatuz.
Doako kontzertuei dagokienez, goizean Anacronia Ensemble taldea aritu da udaletxeko batzar aretoan, eta 18:00etan Nacho Castellanos eta Gato Murr ariko dira leku horretan bertan. 19:00etan Kresala dantza taldearen txanda izango da, udaletxeko terrazan, eta 20:30ean Vocalia taldea arituko da Parte Zaharreko San Bizente elizan.
Musika Hamabostaldiak irailaren 1era arte iraungo du, eta egitarau osoa eta kontzertuetarako sarrerak Hamabostaldiaren webgunean daude eskuragarri.