Abian da gauez Satrustegi hiribidean eta Eduardo Txillida pasealekuan aparkatzeko debekua
Gaurtik aurrera (hilak 7), egoiliarrak ez direnek ezingo dute gauez aparkatu Satrustegi hiribidean eta Eduardo Txillida pasealekuan, 21:00etatik 09:00etara. Aste honetan kontrola informatiboa izango dela azaldu dute udaleko iturriek, eta, beraz, ez dutela isunik jarriko. Datorren astetik aurrera, aldiz, isunak jarriko dizkiete araua betetzen ez dutenei. Datozen egunotan, Zurriola hiribidea seinalizatzen hasiko dira, helburu berarekin. Seinaleak jartzen dituztenean, funtzionamenduan jarriko dute debekua han ere.
Udalak gauez itsasertzean aparkatzeko debekua ezarri nahi du hiriko zenbait gunetan. Abian dira dagoeneko debekuak Saguesen, Pasealeku Berrian, Satrustegi hiribidean eta Eduardo Txillida pasealekuan, eta ondoren etorriko da Zurriola hiribidea. Leku guztietan neurria martxan jartzen denean, 502 aparkalekuri eragingo die. Pasealeku Berrian joan den astean jarri zuten funtzionamenduan debekua modu informatiboan, eta asteartean hasiko dira eremu horretan isunak jartzen.