Ategorrietako etxe bateko operazio urbanistikoa ikertzen ari da Fiskaltza
Gipuzkoako Probintzia Auzitegiko Fiskaltzak Ategorrietako Maria del Carmen etxean egiten ari diren hirigintza operazioa ikertzeari ekin dio, Ancora Ondarearen Babeserako Elkarteak egindako salaketa baten harira. Operazioan ondarearen aurkako delitu bat ote dagoen ikertzen ari da Fiskaltza. Ategorrietako Galtzada Zaharrean dago eraikina, eta 1.976 metro koadro inguruko zuhaizti lursaila du. Ramon Kortazar arkitektoak diseinatu zuen eraikina, eta 1912an eraiki zuten; ondoren, 1946an, Florencio Mokoroa arkitektoak sinatutako eranskin bat gehitu zioten.
Etxe horretan lanak egiten ari dira, sei etxebizitza eraiki nahi dituztelako bertan. Lanen harira, Ancorak otsailean salatu zuen babestutako zenbait elementu bota egin zituztela, eta gogorarazi zuen etxea babestuta dagoela Eraikitako Hiri Ondarearen Babeserako Plan Berezian (EHOBPB), D graduarekin. Hau da, kanpoaldeko parte guztiak mantendu behar direla dio Ancorak, “arreta berezia jarriz fatxadako estalkiari eta bilbadurei, elementu iraunkorrak baitira”.
Elkarteak azaldu zuenez, Lurain XXI Promocion Inmobiliaria S.L. enpresak eraikinaren inguruko oinarrizko proiektua aurkeztu zuen 2021eko abenduan, han sei etxebizitza eta euren garajeak eta bestelako elementuak eraikitzeko helburuarekin. “Oso larria da elementu babestuak eraistea, eta are larriagoa suntsipenak babesten dituena Ondarearen Aholku Batzordea osatuko duen udal arkitekto bera denean”, nabarmendu du Ancorak.