Berio eta Alai-Etxe egoitzetako egoiliarrek triziklo ibilaldiez gozatzeko aukera izango dute abuztuan
Bizikletaz Adinik Ez elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako Departamentuarekin elkarlanean, adineko jendearentzat triziklo ibilaldiak antolatu ditu Donostian. Berio eta Alai-Etxe egoitzetako egoiliarrek jarduera honetaz gozatzeko aukera izango dute, abuztuan. Datorren asteazkenean (hilaren 9an), Berio egoitzako adinekoek bi txanda izango dituzte, goizean 11:00etan, eta bestea, 16:30ean. Abuztuaren 24an, Alai-Etxe egoitzako egoiliarren txanda izango da, eta goizetik arratsaldera bitarte triziklo ibilaldiak antolatuko dituzte. Irteera bakoitzean hiru boluntariok parte hartuko dute, eta txanda bakoitzean gehienez sei egoiliar batuko dira.
Jarduera honen bidez, zahar etxeetan bizi diren adinekoak beren komunitatearekin berriro konektatzea nahi dute antolatzaileek, esparru jasangarri, osasungarri eta berdintasunezko batetik, errespetua sustatuz eta belaunaldien arteko harremanak ehunduz. Martxoan hasi ziren ibilaldiak antolatzen, eta dagoeneko hemezortzi ibilaldi egin dira Gipuzkoako hainbat herritan. Proiektua datorren urrira arte martxan egongo da.