Bitik bi Donostia Arraun Lagunakentzat
Donostia Arraun Lagunakek asteburu borobila izan du, eta Hondarribiko eta Lekeitioko banderak irabazi ditu. Emaitza hauekin, Oriori sei puntu ateratzea lortu du lau estropadaren faltan. Donostiarra larunbateko estropadan bigarrena izan zen, eta igandean, laugarren postuan amaitu zuen. Mutiletan, aldiz, Urdaibai izan da asteburuko garailea. Bi banderak irabazi ostean, Hondarribiarekin zuen aldea geroz eta zabalagoa da, eta liga irabaztearekin amesten hasiak dira. Donostiako traineruak larunbateko emaitzei buelta ematea lortu zuen Lekeition, eta bigarrenak izan ziren helmugan.
Tentsio handiko asteburua izan da, Euskotren eta Euskolabel ligetan. Larunbatean, Txingudiko badian izan zuten eguraldia erabakigarria izan zen, eta arratsaldea zihoan heinean, eguraldia kaskarragoa zen. Euskotren ligako estropadan, Donostia Arraun Lagunak hasieratik amaierara arte lehenengo postuan ibili zen, eta 10:48ko denbora egin zuen. Donostiarra bigarrena izan zen bi segundora, eta Orio hirugarrena zazpira. Donostiako bi traineruak banderagatik ia amaiera arte borrokatu ziren, baina, azken metroetan Lugañeneko ontzia gailendu zen. Mutiletan, Urdaibaik irteeratik atera zuen aldea aprobetxatzen jakin zuen, eta helmugan azkarrena izan zen (19:58). Zierbena bigarrena izan zen ia 3 segundora, eta Hondarribia eta Orio oso parekatuta ibili ziren, 20:03ko denbora egin zuten. Donostiarra bosgarrena izan zen, eta igandean bigarren txandan aritu zen.
Lekeitioko Euskotren ligako estropada larunbatekoaren oso antzekoa izan zen. Donostia Arraun Lagunakek berriro ere, hasieratik amaierara estropada eremua kontrolpean izan zuen, eta bere arerioei tarte handia ateratzea lortu zuen. Oriok liga gero eta zailagoa du, asteburu honetan galdutako puntuak direla eta. Bigarrenak izan ziren Donostia Arraun Lagunakek egindako 11:45 minutuko denboratik bederatzi segundora, Tolosaldea hirugarrena izan zen, eta Donostiarra laugarrena. Estropada amaitzerakoan Xubane Uribarrenak argi zuen ligatik oso gertu egonda ere, “bi hankak lurrean” dituztela, eta oraindik ere ez dagoela erabakita.
Mutiletan, Urdaibaik larunbatean egin zuen erakustaldia berriro ere errepikatu zuen, eta denboraldi osoan izandako nagusitasuna agerian utzi zuen. Helmugan, 20:02ko denbora egin zuen bere txandakideei 20 segundo aterata. Donostiarra bigarren txandan aritu zen, baina, hala ere, estropadako sailkapen orokorrean, bigarrena izan zen (20:18). Liga bukatzeko zortzi estropada falta zaizkie, baina, momentu honetan, Urdaibaik Hondarribiak baino sei puntu gehiago ditu, eta zaila izango da bien arteko tarte hori falta diren estropadetan murriztea.
KAE 2 ligan Donostiarraren bigarren taldeak emaitza onak lortu ditu. Larunbatean, Ondarroan lortutako bigarren postua errepikatzea lortu zuten igandean jokatutako Hondarribiko estropadan. Emaitza hauek kontuan hartuta, sailkapen orokorrean hirugarrenak dira.