Euskal presoen eskubideak defendatu dituzte Kontxan
Etxerat euskal preso, iheslari eta deportatuen senideen elkarteak deituta, euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko giza katea egin zuten igandean Donostian. Nautikotik abiatu, eta Kontxako hondartzara joan zen giza katea. Donostian ez ezik, Euskal Herriko beste hamalau hondartzatan ere mobilizatu ziren, eta, Etxeraten arabera, 2.000 lagunek hartu zuten parte guztira giza kateetan.
Etxerat elkarteko koordinatzaile Gorka Garciak eta preso baten senide Elias Minerrek egin zituzten adierazpenak Donostian, eta salatu zuten “euskal preso, iheslari eta deportatuen etxerako bidea oztopatzen duten salbuespen neurriak eta eskubide urraketak arau” direla oraindik Espainiako Estatuarentzat, “bereziki, Auzitegi Nazionala eta fiskaltzaren aldetik”. Hain zuzen ere, berriki izandako bi gradu erregresio kasu gogoratu zituzten: “Ainhoa Barbarinek aste honetan jasandako gradu erregresioa eta Xabier Atristrain eta gainerako euskal presoen aurka egiten ari den jazarpena salatzen dugu, justizia ez baita bere boterea justiziaz erabiltzen ari, errebantxa eta mendekuz baizik, beste garai batean bizi garela kontuan izan gabe”.
“20 urtetik gorako espetxealdia eta urruntasuna baldintza txarrenetan gainditzen dute euskal preso eta iheslari askok, asko eta asko jada adinduak dira eta horietako batzuk gaixotasun larriekin diagnostikatuak daude. Jarrera horiek ez dute betetzen espetxe politika humanistaren legezko helburua, eta, aitzitik, gizagabetzat baino ezin dira jo”, salatu zuten. Halaber, gaineratu zuten Arartekoak espetxe administrazioaren ezaugarriak finkatu nahian esandakoarekin bat egiten dutela: “Pertsona presoen duintasun printzipioak, espetxealdia murriztea eta erkidegoan birgizarteratzea balore gisa hartzeko gomendioarekin”, alegia.
Hainbatetan nabarmendu duten moduan, ez dute pribilegiorik eskatzen euren senide presoentzat, “eskubideak baizik”: “Aplikatu legedia arrunta eta desblokeatu dagokien ibilbidea!”. Helburu berarekin, Sare plataformak datozen asteotan egingo dituen mobilizazioetan parte hartzera deitu dituzte herritarrak; Donostian, Aste Nagusiko azken egunean egingo dute manifestazioa, hilaren 19an, 12:30ean Bulebarretik abiatuta.